Irabazi arte
21:00etan
Nesken futbol taldea sortzeko trabak izango dituzte "Irabazi Arte"ko protagonistek
EITB Media
Taldea sortzeko oztopoei aurre egiteko ekintza izugarria egingo dute.
Gaur gauean, ETB1ek eta eitb.eus-ek "Irabazi Arte" euskarazko fikzio telesail berriaren bigarren atala eskainiko dute. Aste honetan, nesken futbol taldea sortzeko trabekin topo egingo dute. Izan ere, Martxelok, Clubeko presidenteak, taldea osatu ezin dutela esango die, federazioan izena emateko epea agortu zaielako.
Baina neskek Martxelok esandakoa gezur galanta dela deskubrituko dute eta hortik aurrera, Leireren laguntzarekin, bera ere taldekoa izan nahi baitu, taldea sortzeko ekintza izugarria egingo dute.
Aldi berean, Peio Liliren gelako gurasoen whatsapp taldean sartuko da, eta Lili printzesa tematika duen urtebetetze festa batetara gonbidatuko dute.
Aurreko ostiralean, otsailak 11, eskaini zuen EITBk "Irabazi Arte" telesailaren estreinaldia, audientziaren arrakasta handia lortuz. Lehen atalak % 6,6ko audientzia-zatia eskuratu zuen eta euskaldunen artean audientzia-buru izan zen % 17,5eko kuotarekin. Haur eta gazteei zuzendutako euskarazko fikzio berriak publikoaren harrera ezin hobea lortu du, adin tarte gazteenen artean erabateko liderra bilakatuz: 4 eta 12 urte bitarteko umeen artean % 42,9ko audientzia-zatia lortu zuen, eta 13 eta 24 urte bitarteko gazteen artean berriz, % 45,9ko kuota.
Pausoka ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako telesail honetan, Emakunde Emakumearen Euskal Institutua, Laboral Kutxa, Basque Team, El Corte Inglés eta JOMA enpresa eta erakundeek parte hartu dute.
"Irabazi Arte" ostiralero da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.


