Irabazi arte
21:00etan
Gezurrak protagonista, gaurko "Irabazi Arte!" saioan
EITB Media
Gainera, "Irabazi Arte!" podcastean futbolaren erreferente bat elkarrizketatuko dute: Irene Paredes, Bartzelonako jokalaria.
Gaur gauean, gezurrak izango dira protagonista "Irabazi Arte!" telesailaren atal berri batean. Leirek Areneri kontatuko dio Jonek berarekin moztu duela eta Arene errudun sentituko da, baina ez dio Leireri aitortuko Jonekin musukatu zela. Bestalde, Amets eta Nora irteten hasiko dira eta Lilik, bere aldetik, ama faltan botatzen duenez aitonarekin mendira joango da hura gogoratzeko.
Telebistako atalaren emanaldiarekin bat eginez, Arene eta Nora protagonistek "Irabazi Arte!" podcast berria atera ohi dute dute ostiralero EITBPodkast atarian. Fikziotik errealitatera salto egin eta bi pertsonaiak, egungo podcast formatuak ematen dituen aukerak ikusita, euskal kirolariak gonbidatu eta haiekin solasean aritzen dira. Aste honetan, futbolaren erreferente bat izango dute, Irene Paredes Bartzelonako jokalaria.
"Irabazi Arte!" telesaila audientziaren harrera oso ona izaten ari da eta denboraldi honetan, batez beste, % 4,2ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 10,7ko kuota eskuratu ditu. Gainera, liderra da 4 eta 12 urteko umeen artean, % 34,2ko kuotarekin.
Telesailak emakumezkoen futbol-talde bat hartzen du oinarri eta protagonisten bitartez gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko dituzte; hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo gazteek dituzten erronkak islatuko dituzte.
"Irabazi Arte!" ostiralero izango da ikusgai 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, EITBko YouTube kanalean eta "Go!azen"en appan.