Itxi

Itxi Liburuak

Itxi Liburuak

Itxi Liburuak

22:00etan

Euskal Herriko Historiaurrea, Iñaki Perurenarekin, gaur, "Itxi Liburuak" saioan

EiTB

Gaizka Arangurenekin batera, Historiaurreko arrasto ederrenak ezagutuko ditu Perurenak: Ekaingo labar-margoak eta Aizkomendiko trikuharria, besteak beste.

0:29
Iñaki Perurena harri-jasotzailea

Iñaki Perurena harri-jasotzailea irakasle lanetan jarriko dute, gaur gauean, "Itxi Liburuak" saioan. Euskal Herriko Historiaurrean barrena murgildu eta duela milaka urte euskal lurretan bizi ziren gizakien azalean jarriko da Perurena.

Gaizka Aranguren dibulgatzaileak lagunduta, Historiaurreko gizakiek utzi dizkiguten arrasto ederrenak ezagutuko ditu: Ekaingo labar-pinturak eta Aizkomendiko trikuharria, besteak beste. Aurkikuntza harrigarri bat gerturik ikusteko aukera ere izango du: Euskal Herrian aurkitu diren giza hezur zaharrenak izango ditu aurrez aurre.

Hainbat adituk lagunduko diote Perurenari erronkari aurre egiten. Tartean, Jesus Altuna ikerlaria ezagutuko du. Europa mailako erreferentea da Altuna, eta Euskal Herriko aurkikuntza gehienetan hartu du parte, Joxe Miguel Barandiaran zenarekin batera.

Ondoren, bidean ikasitako guztia unibertsitateko ikasleei azaldu beharko die Perurenak. Baina ikasitakoa hitzez hitz errepikatzea ez da nahikoa izango. Bere bizipenetatik abiatuta eta modu original batean azaldu beharko du gaia, ikasleen arreta bereganatzeko. Lortuko al du?

Euskal Herriaren Historia ikasteko modu desberdin bat, ostegunero

Bigarren atala izango da ostegun honetakoa. Astero, pertsona ezagun bat ikusiko dugu ikaslez betetako ikasgela batean Historia klase bat ematen. Aldez aurretik, ordea, egokitu zaion gaiari buruzko azalpen eta ariketa praktikoak jasoko ditu, Gaizka Aranguren dibulgatzaileak lagunduta. Joan den astean, Onintza Enbeitak egin zuen Donostiaren 1813ko suntsiketa modu original batean kontatzeko saiakera, eta baita lortu ere.

"Itxi Liburuak" saioa ostegunero izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.