Itxi

Izarrak kalean

Izarrak Kalean

'Izarrak Kalean' saioa prestatzen ari da Euskal Telebista

EITB

Abestea gustukoa duten lehiakideak behar dituzte.

'Izarrak Kalean' saioa prestatzen ari da Euskal Telebista. Lehiakideak kalean kantari jarriko ditu ETB1en eskainiko den talent show berri honek.

Abesten ongi dakiten lagunek euren gaitasunak erakutsi ahal izango dituzte lehiaketa honetan. Lau saio eta finala eskainiko ditu 'Izarrak Kalean' tarteak.  Bakarka edo bikoteka har daiteke parte ahotsen lehiaketa honetan. Atal bakoitzean lau lehiakide edo lau lehiakide multzo ezberdin izango dira eta irabazle bakar bat. Binakako kanporaketetan neurtuko dituzten indarrak.

Bi final erdi egongo dira saio bakoitzean, eta final erdi bakoitzeko irabazleak, finalean arituko dira. Duelu bakoitzean, kaleko jendeak erabakiko du irabazlea, txanponak emanaz. Txanpon gehien biltzen dituen kantariak, irabaziko du final erdi bakoitza. Finalean gauza bera, txanpon gehien biltzen dituen kantari edo bikoteak irabaziko du saioa eta bosgarren programako final handirako sailkatuko da

Saio bakoitza hiri batean grabatuko da eta bakoitzean txapeldun bat izango dugu, eta hortik aterako dira final handian parte hartuko duten lehiakideak.

Lehiakideek, abesteko abilidadeaz gain, bere ingurura bildu den publikoa erakartzeko trebezia erakutsi beharko dute. Abestu ondoren, alegia, ikusleak konbentzitzeko 30 segundo izango dituzte.

Uda hasieran ikusgai izango dugun saioaren aurkezlea ez dute oraindik izendatu. Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk egingo dute elkarlanean, eta Aitor Aranguren da zuzendaria.

Nola parte hartu

Abesteko grina duen 14 urtetik gorako edonork parte hartu dezake lehiaketan. Kalean abesteko ausarta den edonori egiten zaio deia. Parte hartzeko, hori bai, bideo bat bidali behar du eitb.com-eko 'Izarrak Kalean'en web gunera. Bertan, lehiaketaren inguruko informazio eta xehetasun guztiak daude.

Maiatzaren 15a arteko epea dago zabalik bideoak igotzeko. Bideo horretan abesten agertu beharko du lehiakideak. Horren aurretik, ordea, aurkezpen bat egitea eskatzen da. Binaka ere parte hartu daiteke. Horretarako, grabatutako bideoan, bi parte-hartzaileok aurkeztu beharko dute euren burua.