Itxi

Jateko Modukoa

Jateko Modukoa

Jateko Modukoa

22:30ean

Hiru gipuzkoar bilbotar bat konkistatzen saiatuko dira gaur "Jateko Modukoa" saioan

EITB Media

Aste honetako programan, gainera, "Jateko Modukoa" saioaren historian plater batek lortuko duen puntuaziorik kaskarrena ikusiko dugu.

0:40
Klaudio Landa 8. ataleko protagonistarekin

Gaurko "Jateko Modukoa" saioan, Asteasuko Beñat eta Donostiako Iker eta Aitor sukaldariek Maider gonbidatuarentzat kozinatuko dute. Hiruretako batek, gainera, zero bat eskuratuko du bere platerarekin; alegia, plater batek inoiz lortu duen puntuaziorik kaskarrena.

Neska ausarta da bilbotarra, plan bati ezetz esaten ez dion horietakoa. Harreman luze bat izan ondoren, abenturarako prest dago, eta, umorea galdu gabe, mutil guapo eta berezi baten bila etorri da. Futbolari itxura dutenak ditu gustuko. Zein sukaldari gustatuko zaio lehen begi kolpean, Beñat hiztuna, Iker lehiakorra ala Aitor kirolaria?

Maiderrek ez die lan erraza jarriko sukaldariei: lehen errezetarako, ospakizun berezietan jateko moduko platera aukeratu du. Zer izango ote da? Bigarrenerako, aldiz, elaborazio handiko errezeta kozinatu beharko dute. Sukaldariek aurre egin beharko diete zailtasunei, eta errezetarik gabe, noski.

Kozinatzeaz gain, hitzorduak ere izango dituzte, eta sukaldariek Maiderrekin bakarka duten denbora baliatu beharko dute gonbidatua hobeto ezagutzeko. Galdera beroei erantzun beharko die batek; karta-joko baten bidez, hurrengo sukaldariak Maiderren musu bat irabaziko du; eta hirugarrenaren hitzorduan, kimika handia nabarituko da. Lortuko dute sukaldariek bilbotarra limurtzea? Nor izango du gustukoen Maiderrek?

Behin betiko erabakia hartzeko azken pausoa postrea izango da, eta sukaldariek euren errezetarik onenak ekarriko dituzte etxetik. Azken dastaketa baino lehen, mutilek gonbidatua limurtzen saiatzeko azken hitzak esateko aukera izango dute.

Platerak nork prestatu dituen jakin gabe dastatu eta ebaluatu beharko ditu Maiderrek. Amaieran, jatekoa egin duten hiru sukaldarien artean, jakirik gustukoenak prestatzea lortu duena hobeto ezagutzeko aukera izango du, afari erromantiko batean. Bertan, biek jakingo dute ea Maiderri gehien gustatu zaion sukaldariak prestatu dituen jateko moduko plater gehien.

"Jateko Modukoa" ostegunetan izaten da ikusgai 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.