Joseba Arguiñano Sukalerrian
Ekainaren 29tik aurrera
"Joseba Arguiñano Sukalerrian" saio berria, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Euskal Herriko gastronomia eta jaiak ezagutzeko modu berezia eskainiko digu saioak, egunero, gaurtik aurrera.
"Joseba Arguiñano Sukalerrian" eguneroko sukaldaritza saio berria estreinatu du astelehen honetan (ekainak 29) Euskal Telebistak. Eguerdiro izango da ikusgai, 13:15 aldera, "Gaur Egun" albistegiaren aurretik, eta Josebarekin sukaldean arituko diren herritarrak izango dira protagonista nagusiak.
Ikusleei jaki tipiko bat nola egiten den azaldu, konturen bat kontatu edota norberaren herriko jateko gauza goxoak goraipatu nahi duten herritarrei gonbidapena egingo die sukaldari zarauztarrak. Gonbidatuen eta aurkezlearen arteko lapiko kontuak eta lagunen arteko solasaldiak izango dira saio berriaren ardatza.
Eguerdiro, astelehenetik ostiralera, Josebak gonbidatu bat hartuko du bere sukaldean. Gonbidatuak plater bat kozinatzen lagunduko dio sukaldariari eta errezeta zaporetsu horren inguruko solasaldiaz gozatzeko aukera izango dugu. Istorio xelebreak, kontakizun harrigarriak, zaletasunak, bizipenak... hainbat eta hainbat kontu azaleratuko dira eguneko plateraren inguruan. Aurpegi ezagunak ere joango dira tarteka Josebaren sukaldera, beren dohain gastronomikoak erakutsi eta sukaldaritzaren eta beste gai askoren inguruan hitz egiteko.
Euskal Herriko ondare gastronomikoa ezagutzeko aukera emango digu "Joseba Arguiñano Sukalerrian" saio berriak, eta, horretaz gain, tarte berezia eskainiko die gure herrietako ospakizunei. Jai, lehiaketa eta erakustaldiek, gastronomikoek bereziki, jarraipen nabarmena izango dute saioan.
Ekoizleak, jatetxeak, ostatuak, merkatariak... gure sukaldearekin zerikusi zuzena duten protagonisten inguruko erreportajeak eskainiko dituzte egunero.
Euskal Herriko gastronomia, gure herrietako udako jaiak eta ikusleen kontuak eta bizipenak uztartzen dituen sukaldaritza saio freskoa da "Joseba Arguiñano Sukalerrian", eta astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, eguerdiko "Gaur Egun" albistegiaren aurretik, ETB1en eta eitb.eus-en.