Natura Bizia
22:30ean
'Basoak: Zuhaitzen Erreinua' atala, "Natura Bizia" saioan, gaur gauean
EITB Media
Alberto Iñurrategi aurkezleak Paz Azkona, Javier Loidi, Jon Hidalgo, Jonathan Rubines, Yeray Monasterio eta Joseba Carreras izango ditu bidaide atal honetan.
Gaur, abuztuak 24, Alberto Iñurrategik Basoak: Zuhaitzen Erreinua atala aurkeztuko du "Natura Bizia" saioaren baitan.
Duela milaka urte planetaren erdia baino gehiago baso eta oihana zen. Bizitza eta aniztasun ugariko habitatak biltzen zituzten bere baitan. Orain, ordea, oso denbora laburrean, guztia aldatu da. Gaur egun, jatorrizko baso haren guztiaren bosten bat baino ez da gelditzen. Gainerakoa suntsitu egin du gizakiak. Bat-batean, izadiaren oreka kolokan jarri dugu.
Basoak ez dira zuhaitz multzo sinple bat: Klima erregulatzen dute; ekosistema aberatsak eta anitzak sortzen dituzte eta espezie mordo bati ematen diete aterpe. Lurrazalaren heren bat ia basoa da, eta harrigarria bada ere, munduan kontsumitzen den uraren hiru laurden basoetako ibai-harro eta hezeguneetatik jasotzen dugu.
Garai batean, Euskal Herriko mendi magalak haritz, pago, arte eta erkametzez estaliak zeuden. Lurraldeko arnasguneak ziren. Hala dira oraindik ere, baina neurri txikiagoan. Gure basoetako kalitate ekologikoa nabarmen murriztu da azken urteotan.
Arabako hegoaldean hasiko du "Natura Bizia" saioak astearteko bidaia; Toloño mendilerroan hain justu. Ez oso urrun, Izki eta Valderejo parke naturaletan daude Euskal Herriko baso sendoenetakoak. Alberto Iñurrategi aurkezleak Paz Azkona, Javier Loidi, Jon Hidalgo, Jonathan Rubines, Yeray Monasterio eta Joseba Carreras adituak izango ditu bidaide atal honetan.
"Natura Bizia" astearteetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.