sautrela
15:00etan
'Hamlet'en euskarazko antzerki-lanaz, gaur, 'Sautrela'n
A.H.
EITB
Artedrama, Le Petiti Théâtre du Pain eta Debaju konpainiak batu dira Shakespeare-ren Hamlet lanaren euskarazko bertsioa estreinakoz plazaratzeko. Garbiñe Ubeda Hobe isilik eleberriaz arituko da.
Literaturan klasikoetan klasiko dugu Hamlet. Horixe da Shakespeare-ren obra ezagunena eta antzerkigintzako gailurretako bat. Bitxiki, ordea, euskal antzerkiak inoiz taula-gainera eraman gabea zen, ez behintzat ofizialki, harik eta Artedrama, Le Petit Théâtre du Pain eta Debaju konpainiak batu eta klasiko handiaren euskarazko bertsio bat plazaratu berri duten arte, aski bertsio librea plazaratu ere. Horrexek eman dio "Sautrela"ri Hamlet berrikusteko bide. Testu originalaren euskaratzailearekin, Juan Gartziarekin, batetik, eta euskal bertsioaren zuzendariarekin Ximun Fuchs-ekin, bestetik, mintzatu dira obraren inguruan. Zertan datza Hamlet obraren gailentasuna? Zer du azpimarragarri? Zerk egiten du laurehun urte baino gehiago eta gero oraindik irakurri eta antzeztua izatea? Zer esan nahi du egun Hamlet-ek? Nola egokitu daiteke gaur egungo testuinguru eta eszenatokietara?
Elkarrizketaren atalean, Garbiñe Ubeda (Tolosa, 1967) izango dute bere estreinako fikziozko nobela aurkezten, Hobe isilik eleberria. Ubeda ezaguna da kazetaritzan egin duen lanagatik eta aurretik idatzitako zenbait saiakera eta erreportaje-libururengatik, eta narratibarako sarraldia nolakoa izan duen azalduko du. Nobelak protagonistak egiten duen senide baten iraganari buruzko ikerketaz dihardu eta halaxe gurutzatzen zaizkigu kontakizunean zehar hainbat gai: memoria, gerra, maitasuna…
Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez nobela entzutetsua ekarriko du, berriz, Beñat Sarasolak, bere atzera begirakoan. 1983an argitaratutako nobela da, garai hartan aski irakurri izan zen liburua izan zen, eta berehala bihurtu zen euskal literaturako azken hamarkadetako liburu erreferentzial. Egundik nola irakurtzen den esplikatuko du Sarasolak.
"Sautrela" gaur emitituko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.