Itxi

sautrela

15:00ean

Jose Luis Otamendi idazle eta poeta, gaur, 'Sautrela'n

A.H.

EITB

Gonbidatuak bere azkeneko poema liburua aurkeztuko du, Kapital publikoa.

2:22

Jose Luis Otamendi poesiazko obra oparoa duen idazlea izango da gaur gonbidatu 'Sautrela' saioan, gure arteko poeta handienetakoa. Kapital publikoa poemategia argitaratu berri du eta besteak beste, lanak ekarri dizkion izardi-nekeak eta biltzen dituen poemen irudi eta hausnarketak azalduko ditu. Zertan ezberdintzen ote da poemategi berri hau aurrekoengandik?

1980ean argitaratu zuen Otamendik bere lehen poema liburua, Egunsenti biluzia, eta ordutik beste dozena erdi poema liburu plazaratu du, eta baita ipuin liburu gogoangarri bat –Euri kontuak– ere. Orain arteko azkenekoak, Lur bat zure minari eta Erlojuen mekanika, aski laudatuak izan ziren, eta ez zuen lan erraza, beraz, mailari eusten. Erronka horri aurre egiten ahalegindu da Kapital publikoa poemategi berriarekin, eta horren inguruan arituko da Hasier Etxeberriarekin.

Erreportajean, Eusko Jaurlaritzak abian ipini duen proiektu berri bati buruz ariko da 'Sautrela'. Mundu digitalaren garapenarekin, liburutegiak ere eraldaketa prozesu etengabean dira, eta horren baitan kokatzen da berriki aurkeztu duten liburutegi digitalen sarea. EAEko udal liburutegiek liburu digitalak mailegatzeko aukera izango dute aurrerantzean, liburutegiaren eraikuntzara joan beharrean etxetik zure irakurgailura doan jaisteko aukera alegia. Nola funtzionatuko du, baina, sistema horrek? Zenbat egunetarako hartu ahal izango dira? Zenbat aldiz? Ze ordain izango dute idazle eta argitaletxeek? Hori guztia argitzen saiatuko gara erreportajean.

Azkenik, Beñat Sarasolak 1975eko euskarazko liburu irakurrienetako bat berreskuratuko du, Xabier Gereñoren Andereño nobela. Liburu berezia inondik ere, Sarasolak laburbildu eta haren argi-itzalak adieraziko dizkiguna.

'Sautrela' gaur emitituko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.