Itxi

sautrela

15:00etan

'Sautrela'ren denboraldi berria, gaurtik aurrera, ETB1en

EITB

James Joycen Ulises eleberria euskarara ekarri duen Xabier Olarra itzultzailearekin arituko da Hasier Etxeberria denboraldi berriaren lehenengo atalean.

Beste ikasturte bati ekingo dio 'Sautrela'k gaur -urriak 3-, eta ez nolanahi gainera, euskal literaturarentzat mugarria izango den liburu bat protagonista hartuko baitu. Xabier Olarra itzultzaileak James Joycen obra ezagunena, Ulises, ekarri du euskarara, eta hari buruz jardungo dira elkarrizketaren atalean. 1922an argitaratua, XX. mendeko nobela handienetakotzat jotzen da ezbairik gabe Leopold Bloomen Dublingo egun bateko ibilerak kontatzen dituen kontakizuna. Homeroren Odisea-ri etengabe keinu egiten dion nobela dugu, eta itzultzeko lan zailenetakoen artean kokatu ohi da halaber. Zergatik ote? Ze zailtasun topatu ote ditu Olarrak Ulises euskaratzeko?

Joyce modernismo anglosaxoiaren izen handienetako bat bada, horietako beste bat dugu T.S Eliot. Hura hil zela berrogeita hamar urte igaro direla profitatu dute erreportajean haren soslaia emateko. XX. mendeko poeta eta kritikari entzutetsuenetakoa izan zen, The waste land bezalako lan gorenen egile. Elioten bizitzaren eta obraren nondik norakoak azalduko dituzte Joxemari Iturralde idazleak eta Iñaki Aldekoa editore eta kritikariak.

Azkenik, Beñat Sarasolak Joxe Austin Arrietaren nobela bat izango du mintzagai, Manu militari. Liburu konplexu eta landua, Arrietaren bigarren nobela izan zen hura, 1987an plazaratu zena. Protagonista soldaduskan dela, haren maitalearekin izandako karta-trukea da istorioaren erdigune.

'Sautrela', gaur ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

urrera, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista