sautrela
15:00etan
Pello Lizarralderi elkarrizketa, gaur, 'Sautrela' saioan
A.H. | EITB
Horrez gain, bilduma feministak hizpide hartuko ditu saioak hizpide, eta Espainolak eta euskaldunak Joxe Azurmendiren saiakera klasikoa berreskuratuko dute.
Pello Lizarraldek bere azkeneko nobela Elur bustia aurkeztuko du gaur 'Sautrela' saioan. Azken aldian, bizpahiru urtetik behin argitaratzen digu Pello Lizarraldek nobela berri bat. Berak aitortzen duenez, eleberri batetik bestera irakurleak ez du topatuko berritasun ikusgarririk; guztiek, gutxi-asko, literatura ulertzeko molde jakin bati erantzuten diete, eta oso estilo identifikagarri batez idatziak dira. Gertakariak narratu eta esplikatu ordez, nobelako pertsonaien ibiliak, sentipenak, usain eta hotz-epelak jasoko ditu irakurleak. Bere azkeneko lanak gizon baten ibili bakartia kontatzen digu. Familiatik urruti lanera mahats-bilketara joan ostean, etxera dator atzera, eta bueltako bideko ankerkeriak leituko ditugu besteak beste. Gure nobelagile handienetako baten emaitza berria, bere zaleek osoki gozatuko dutena. Nobelari buruzkoak zein literatura ulertzeko duen moduari buruzkoak azalduko dizkigu aste honetako elkarrizketan Lizarraldek.
Bestetik, berriki estreinatu diren bi bilduma berri hartuko ditu 'Sautrela'k oinarri erreportajerako: Lisipe eta Eskafandra. Biak ere bilduma feministak dira, bakoitza bere ezaugarriekin, baina nolatan orain literatura feminismotik argitaratzeko bulkada hori? Tamalez urtetan gisa horretako bildumen faltan, badirudi hutsune handi bat betetzera datozela. Eskafandra Jakinek argitaratu du eta bere zuzendaria Lorea Agirrerekin mintzatuko dira aste honetako saioan. Lisiperi dagokionez, bildumako lehen aleko egileetako batekin hitz egingo dute, Zuriñe Rodriguezekin.
Juan Luis Zabalak Joxe Azurmendiren saiakera klasiko horietako bat berreskuratuko du azkenik: Espainolak eta euskaldunak. Ezagun denez, liburu mordoa argitaratutakoa da Azurmendi, eta saiogintzan erreferentzia handia. Oraingoan 1992ko liburu hartaz solastatuko da Zabala, gai dudarik gabe polemiko baten inguruko hausnarketa sakona.
'Sautrela' gaur eskainiko du eitb.eus-ek eta ETB1ek, 15:00etatik aurrera.
etatik aurrera.
