Sukaldaria
22:30ean
Mungian izango da Joseba Arguiñano, gaur gauean, 'Sukaldaria' saioan
EiTB
Bizkaiko Uribe eskualdea bisitatu, eta Mungiako auzokideen istorioak eta eskualdeko produktu tipikoak ezagutuko ditu Arguiñanok.
'Sukaldaria' saioaren gaurko atalak Bizkaiko Uribe eskualdea bisitatuko du, eta Mungian izango da. Joseba Aguiñanok gertuko istorioak eta produktuak bilduko ditu bertan, Mungialdeko protagonista batzuen eskutik.
Gure sukaldariak museo berezi batean hasiko du bere ibilbidea. Juan Angel Garaik bere errotako ateak zabalduko dizkigu, Mungialdeko baserrietan bildu zituen ehunka objektu erakusteko. Gainera, txakinarto irinarekin egindako taloa prestatuko dugu berarekin.
Mungian hain ezaguna den sukalkia ere prestatuko dute, eta, azoka eguna dela aprobetxatuz, Joseba Arguiñano bertara joango da erosketak egitera Kepa Freirerekin, Mungiako Slow Food mugimenduaren sortzailearekin. Bertan, platera prestatzeko behar dituzten barazkiak hartuko dituzte, Mungiakoak guztiak.
Euskal garagardo naturalaren sekretuak ezagutuko dituzte Mungiako garagardo fabrika batean. Eneko Ungilek prozedura guztiaren pausoak azalduko ditu, eta, horrez gain, Joseba Arguiñano garagardogile bihurtuko da une batez. Etxean garagardoa nola egin ahal den ikasteko aukera ere izango du, eta ogia ere egingo du lehengai hori erabilita.
Janariaz eta edariaz harago, munduko tiragoma txapeldun bat ere ezagutuko dute. Pedro Irastorzak mota guztietako tiragomak eta bitxikeriak erakutsiko dizkigu. Gainera, bere alabaren zentzu artistikoa ere ezagutuko dute eraikitzen dituen lorategi bertikalekin.
Josebak, bere aldetik, Pedro Irastorza aho zabalik utziko du prestatuko duen plater batekin. Tiragoma txapelduna ez da oso trebea sukaldean, baina bera izango du laguntzaile errezeta berezi bat egiteko.
'Sukaldaria' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.