Sukaldaria
22:30ean
Bergaran ibiliko da 'Sukaldaria' gaur gauean
EiTB
Bergarako biztanleen istorio gastronomikoak bilduko ditu Joseba Arguiñano sukaldariak.
'Sukaldaria' saioaren gaurko atalean, Joseba Arguiñanok Bergara ezagutuko du bertako biztanleen eskutik.
Hasteko, Bergarako Zezenak ganadutegia gertu-gertutik ezagutuko du Iñigo Almorzaren baserrian, eta Joseba errekortari bihurtuko da egun batez. Gure sukaldariak bere abilezia erakutsi beharko du errekortari eskolako zezentokian. Horrez gain, gastronomiarentzako tartea ere izango dute; Edurne Arregik zezen-buztana prestatuko dio Josebari.
Bergarako pilotarien artean erreferentzia den Reyes Azkoitiarekin hitzordua izango dute frontoian eta sukaldean. Pilota zainetan darama, eta, 66 urterekin, Emakume Master Cup txapelketa jokatu du alabarekin. Josebak haren egunerokoa ezagutuko du, eta harekin egingo du azken errezeta: zezen-hanburgesa foiearekin, zeliakoentzako plater egokia.
Gainera, saio honetan, glutenik gabeko beste errezeta bat egingo dute: Wolfram Gozoa. Elhuyar anaiek Bergarako seminarioan isolatu zuten wolframa, eta, horren omenez, Basque Culinary Centerren sortutako postre bat egingo dute Agustín Larrañagarekin. Gainera, glutenik gabeko postre lehiaketa bateko epaimahaikide bihurtuko da gure sukaldaria. Halaber, Marzan ahizpa zeliakoen bizimodua izango dute hizpide.
Amaitzeko, Bergarako Erraldoiak ere ezagutuko dituzte. Ibon Unamunok bertako erraldoien berezitasunak azalduko ditu, eta, besteak beste, Felixin eta Guti ipotxak ezagutuko ditu. Erraldoiekin dantza egiteaz gain, erraldoi bat nola egiten den ikasiko du Josebak Mikel Ibarzabalekin, artelan horien sorkuntzaz eta konponketaz arduratzen den artisauarekin.
'Sukaldaria' saioa asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.