Itxi

Sukaldarien Liga

Sukaldarien Liga

Sukaldarien Liga

22:15ean

"Sukaldarien Liga", Euskal Herrian egindako lehiaketa gastronomiko handienaren estreinaldia, gaur, EITBn

EITB MEDIA

50 sukaldari izango dira nor baino nor gehiago, Ainhoa Etxebarriak gidatutako saio berrian. Lehen saioko azken proban Hilario Arbelaitzek proposatutako errezeta bat kozinatu beharko dute, eta sukaldari ezaguna platoan izango dute.

0:00

Euskal Herrian inoiz egin den sukaldaritza talent handiena estreinatuko da gaur, asteartea, ETB1en eta eitb.eus-en: "Sukaldarien Liga". Ainhoa Etxebarria aurkezlearen gidaritzapean, 50 sukaldari profesional zein amateur lehiatuko dira hamar astez Euskal Herriko sukaldari onenaren titulua eskuratzeko.

Talent show gastronomikoak prestigiodun epaimahaia izango du lehiakideek prestatutako platerak baloratzeko: Javi Rivero, 2023ko sukaldari berririk onena eta Tolosako Ama jatetxearen jabea eta sukaldaria; Maider Larrañaga, Arrasateko Arteaga jatetxearen jabea eta sommelierra; eta Aitzol Zugasti, Basque Culinary Centerreko formatzailea eta AZko aholkulari gastronomikoa.

Lehen atalean, Euskal Herriko bi produktu izar izango dira aurreneko probaren protagonistak: Bermeoko antxoa eta Idiazabalgo gazta. Lehiakideek pasta freskoa egin beharko dute eta osagai horiekin batera errezeta osatu. Gure sukaldariek dena eman beharko dute proba honetan; izan ere, plater eskasena prestatzen duena "Sukaldarien Liga"tik kanpo geratuko da; eta plater onena egiten duena, aldiz, bigarren fasera igaroko da eta amantal beltza duten 8 sukaldari izarren partaide bihurtuko da.

Bigarren proban 8 amantal beltzak lehiatuko dira, taldeka. Etxeko menua prestatu beharko du talde bakoitzak: pistoa, marmitakoa eta sagar tarta kozinatu beharko du taldeetako batek, eta arrain zopa, sukalkia eta arroz pastela, besteak. Talde lana eta antolaketa ona ezinbestekoak izango dira proba hau irabazi eta beste astebetez lehiaketan jarraitzeko.

Hilario Arbelaitz, azken proban

Azken proban, gonbidatu berezi baten bisita jasoko dute "Sukaldarien Liga" saioko platoan. Hilario Arbelaitz sukaldari mitikoak proposatutako errezeta bat kozinatu beharko dute taldekako proba galdu duten lehiakideek. Norgehiagoka honetan lehiakide batek saioa utzi egin beharko du.

Sukaldarien Liga

 Ainhoa Etxebarria, epaimahaiko kideekin

Lehiaketa gastronomiko handiena

Harro egoteko modukoa da sukaldaritzak Euskal Herriari eman diona eta euskal gastronomiak munduan utzi duen arrastoa. Izan ere, gure mugak gainditu eta ezagutzera eman gaitu mundu zabalean. Euskal sukaldaritzari ekarpena egite aldera eta munduan isla izaten segi dezan, "Sukaldarien Liga" saioak talentu onenak bildu ditu, Euskal Herrian egindako lehiaketa gastronomiko handienean.

Ainhoa Etxeberria

Ainhoa Etxebarria

Sukaldaritzan, bikaintasuna esfortzuarekin eta grinarekin lortzen da. Hamar asteko norgehiagokan, momentu hunkigarriak, tentsio uneak eta sorpresa mordoa izango dira nagusi. Baina bakarrak lortuko du garaipen tronuan esertzea, eta 25.000 euroko saria final handian gailentzen den sukaldariarentzat izango da. 

Emozioa, tentsio uneak, barreak eta negarrak… Denetarik egongo dugu lehen atalean. Inoizko borroka gastronomikorik epikoena gaur abiatuko da, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.