Itxi

Ta Bihar Zer?

Ta Bihar Zer?

Ta Bihar Zer?

Estreinaldia

"Ta Bihar Zer?" saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Leire Palaciosek gidatutako saioak gai baten oraina eta iragana oinarri hartuko ditu, etorkizuna irudikatzeko. Lehen atalean sexua izango dute hizpide.

0:33
Leire Palacios

Gaur gauean, Leire Palaciosek gidatutako "Ta Bihar Zer?" telebista saio berria estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera. Astero, gai unibertsal bati helduko dio Leire Palaciosek, hiru elkarrizketatik abiatuta, hausnarketa eta eztabaidarako tartea izango duen bidaia berri honetan. Oraina eta iragana oinarri hartuta, etorkizuna irudikatzeko eta amesteko balioko du. 

"Ta Bihar Zer?" sei kapitulutako sorta izango da. Sexua izango da eskuartean izango duten lehen gaia eta horren ostean familiari, estetikari, zahartzaroari, influencerrei eta euskarari helduko diote. 

Saioak bi zati izango ditu. Programaren lehen zatian, asteko gaiari lotutako hiru elkarrizketa planteatuko dira hiru ikuspuntu kontrajarritatik, protagonisten herri edo hirian. Astero-astero hiru elkarrizketatuetatik bat aurpegi ezaguna izango da, horien artean Iker Galartza pailazo eta aktorea, Leire Martinez abeslaria, Odei Barroso bertsolari eta raperoa, Xabier Euzkitze aurkezlea, Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetaria edota Aitzole Araneta sexologo eta Donostiako Udaletxeko zinegotzia. 

Saioaren bigarren zatian, Leire Palacios gazte talde batekin elkartuko da solasaldi bat egiteko. Astero gazte desberdinak izango dira eta bakoitzaren bizipenetatik tiraka, etorkizunera begira jartzeko behar beste helduleku eskuratzeko helburuarekin egingo dira topaketak. 

"Ta Bihar Zer?" Begira Produkzioak ekoiztutako programa da eta Ane Rotaetxek zuzendua. Gidoilari lanetan Kerman Díaz ibili da eta irudiaren arduran Zirriborro eta Berde. 

"Ta Bihar Zer?" saioaren estreinaldia gaur gauean, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.