Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

larunbatean, 13:30ean

Asteburu honetan abiatuko da "Teknopolis" saioaren 28. denboraldia

Zinemaren teknologiari buruzko programa berezia eginda ekingo dio denboraldi berriari. Aurten, berrikuntza gisa, ahotsa imitatzen duen teknologia berritzaile bat erabiliko dute elkarriztetatuen esanak euskarara bikoizteko. 

  • "Teknopolis" saioko aurkezpena

    "Teknopolis" saioko aurkezpena. Argazkia: EITB Media

Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko programaren 28. denboraldia, Mondragon Unibertsitateko Bilbao As Fabrik campusean, Bilbon. Han izan dira Eli García Caballero Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendaria, Unai Iparragirre Torres ETBko zuzendaria, Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea eta saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak. Hain zuzen, asteburu honetan hasiko da denboraldi berria, eta ordutegi hau izango du: larunbatetan 13:30ean ETB1en, eta igandeetan 12:15ean ETB2n.

28. denboraldia

Denboraldi honetan ere ikusleak toki eta gai interesgarrietan barrena eramango ditu Teknopolisek, eta gizartean jakin-mina pizten duten gaiei begiratzeko asmoa du, Euskal Herriko arlo guztietako adituen laguntzaz. Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioa amaitzen den egun berean hasiko denez, zinearen teknologiari buruzko programa berezi batekin ekingo dio denboraldi berriari, eta hurrengo asteetan protagonista izango dira, besteak beste, Antartikako paraje hotzetan egiten den ikerketa, BasQ ordenagailu kuantiko berria, basoen kudeaketa, tigre-eltxoa, Vera Rubin behatoki harrigarria…

Berrikuntzak

Euskal Telebistako programazioan klasikoa da Teknopolis, eta urtez urte berrikuntzak sartu ditu. Oraingoan, bikoizketetan hiztunaren ahotsa imitatzen duen teknologia berri batekin dator. Izan ere, Elhuyarrek Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehen plataforma aurkeztu berri du, eta Teknopolis teknologia horretaz baliatuko da elkarrizketatuen hitzak euskaratu behar direnean.

Irailaren 27an hasiko den denboraldian ere Iñaki Leturia Yurrita izango da aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Nagore Rementeria Argote.

Zientziaren erakuslehio

Elhuyarrek ekoizten du Teknopolis zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-saioa. Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetakoak dira Elhuyar eta Teknopolis bera. Hasiera-hasieratik komunitatea eraikitzea izan du Elhuyarrek xede nagusitzat, eta Teknopolis saioak ere hori bilatzen du. Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleihoa izateaz gain, herritarrek pentsamendu kritikoa izan dezaten sustatzeko egiten du lan. Horretarako, komunitate oso baten laguntza du: babesleak, ikertzaileak, dibulgatzaileak, eta zientzia-edukietan interesa duten herritarrak.

Era berean, ezinbestekoa da Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diren erakunde guztien laguntza azpimarratzea ere: Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Tknika Lanbide Heziketan aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantza.