Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

Zientzia eta teknologia

Larunbatean hasiko da 'Teknopolis' saioaren denboraldi berria

EITB

Teknologiak garrantzi berezia izango du ikasturte honetan, hala edukietan nola grabazio-tekniketan. Oihana Jauregik aurkeztuko du ETB1en larunbatean eta ETB2n igandean emango den saioa.

1:14

Larunbat honetan hasiko da Euskal Telebistan 'Teknopolis' zientzia eta teknologiari buruzko saioaren XVI. denboraldia. Oihana Jauregik aurkeztuko du, eta aurten teknologiak garrantzia berezia izango du, bai edukietan baita grabazio-tekniketan ere.

Denboraldi honetan 15 urte beteko ditu Elhuyar Fundazioaren eta ETBren artean egindako saioak; 2014ko otsailaren 20an, hain zuzen ere. Denboraldi osoan gogoan izango dute ospakizun hori, eta, '15 urte' izeneko atalean, urte hauetan landutako zenbait gai berreskuratuko dituzte egungo ikuspegitik.

Bestalde, 'Sarean' izeneko tartea izango da aurtengo berrikuntzetako bat. Zientziaz eta teknologiaz jarduten duten blogarien laguntzarekin osatuko dute tarte hau. Horrez gainera, drone bat erabiliz, Euskal Herriko geografia aztertuko dute airetik grabatuz. Paisaiarengatik, ingurumen-balioengatik, geologiarengatik, biodibertsitatearengatik... esanguratsuak diren lekuak erakutsiko dituzte, ikuspegi berezi eta ikusgarri batetik.

Nazioartera begira ere jarriko da aurten 'Teknopolis'. Izan ere, i2basque Sare Akademikoarekin lortutako akordioari esker, bereizmen handiko bideokonferentzien bidez, mundu osoko unibertsitateekin jarriko dira harremanetan, mundu osoko zientzialariengana iritsi eta punta-puntako ikertzaileak elkarrizketatzeko. Eta arreta berezia jarriko dio saioak Lanbide Heziketari aurtengo ekitaldian; izan ere, Tknika zentroarekin lortutako hitzarmenari esker, Lanbide Heziketari buruzko 10 bideoko serie bat emango dute.

Aurkezpena

Gaur, asteazkena, aurkeztu dute 'Teknopolis' saioa, UPV/EHUren Bilboko paraninfoan, eta hauek hartu dute parte bertan: Fernando Plazaola UPV/EHUko Ikerketa errektoreordeak, Pello Sarasola ETBko zuzendariak, Leire Cancio Elhuyarreko zuzendariak eta Miren Bego Urrutia Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak. Oihana Jauregi 'Teknopolis' saioaren aurkezleak gidatu du ekitaldia.

Saioaren babesleak honakoak izango dira aurten: Mondragon Unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea; Tknika; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila; eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun Saila.

'Teknopolis' ETBn emango dute, astero, urriaren 12tik aurrera. ETB1en, larunbatetan emango dute, 11:30ean; eta ETB-2n, igandeetan, 10:00etan. Horrez gainera, sarean ere ikusi ahal izango da, eitb.com eta EITB Nahieran guneetan.