Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Espazioa mintzagai, gaurko 'Teknopolis' saioan
A.A.
EiTB
Jocelyn Bell Burnell Ipar Irlandako astrofisikaria eta Itziar Garate ikertzaile zarauztarra elkarrizketatuko dituzte, beste eduki batzuen artean.
-
Oihana Jauregi. Argazkia: EITB
Espazioari buruz hitz egingo dute 'Teknopolis' saioan. Elhuyarrek eta Euskal Telebistak ekoitzitako zientzia eta teknologiari buruzko programa gaur goizean izango da ikusgai ETB1en eta igande goizean ETB2n.
Ilargiari buruzko bideo txiki bezain bitxi bat izango dute abiapuntu, eta, ondoren, Jocelyn Bell Burnell elkarrizketatuko dute, pulsarra aurkitu zuen emakumea. Duela gutxi Donostian egin den Pasion for Knowledge jaialdian mintzatu ziren Ipar Irlandako astrofisikariarekin.
Asteko berrietan, berriz, EHUko ikerketa bat ekarriko dute 'Teknopolis'era. Boro nitrurozko nanohodietan oinarrituta, eraginkortasun handiko gailu optoelektronikoak garatzeko egokia den argi-iturri berri bat garatu dute EHUko ikertzaile batzuek. Eskuarki, akatsik gabeko nanoegiturak bilatzen dituzte zientzialariek. Kasu honetan, ordea, UPV/EHUko ikertzaile Angel Rubiok eta haren kideek etekin handiena atera diete boro nitrurozko nanohodien egiturazko akatsei. Ikerketa horren emaitza argi-iturri berri bat da, oso erraz integra daitekeena gaur egungo teknologia mikroelektronikoan. Ikerketa horren ondorioz, patente bat sortu da, gainera.
Programaren bukaera aldera, hemengo ikertzaile bat ezagutuko dute: Itziar Garate zarauztarra Artizarraren atmosferari buruzko tesia egiten ari da. Artizarra Lurretik hurbilen dagoen planeta da, eta Lurraren ahizpa bikia dela esan ohi da: tamainaz, masaz eta konposizioz ia berdina delako; ez ordea atmosferari eta tenperaturari dagokionez.
Bukatzeko, 15 urte tartean, 'Teknopolis'en bisitatu dituzten ESAko egoitza batzuk erakutsiko dituzte.