Teknopolis
Aste honetan
Artearen eta zientziaren arteko harremanaz, 'Teknopolis'en
A.A.
EiTB
Leioako Arte Ederretako Fakultatera eta Lasarteko Telesonic enpresara joango dira bisitan.
-
Iñaki Leturia, 'Teknopolis' saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB
Zer konpartitzen dute arteak eta zientziak? Aste honetan galdera horri erantzungo diote 'Teknopolis'en. Batetik, Leioako Arte Ederretako Fakultatera joango dira, arte garaikideak baliatzen dituen tresna teknologikoak ezagutzera.
Bestetik, Lasarteko Telesonic enpresak CERNeko sinkroziklotroiaren gainean egin duen mappinga ezagutuko dute. Izan ere, CERNek 60 urte bete ditu eta bere lehenengo makinaren historia eta funtzionamendua erakusten dute, makinaren gainean egindako proiekzio birtual ikusgarri baten bidez.
Azkenik, aste honetan Donostian egin duten Mestizajeak zientziaren eta literaturaren arteko topaketaren berri emango dute. Programa beraren barruan, baina aste batzuk lehenago, Ariane Koek ezagutzeko aukera izan zuten 'Teknopolis'eko kideek, zientzialariak eta artistak elkar inspiratzeko CERNek duen programaren sortzailea. Egoitza-programa horretatik emaitza politak atera dira: performanceak, dantza garaikideko ikuskizunak...
Iñaki Leturia gidari duela, 'Teknopolis' gaur izango da ikusgai ETB1en, 13:30ean, eta bihar, igandean, ETB2n, 09:30ean. Astelehen bazkalostean, 15:00etan, ETB1en berriro emango da.