Teknopolis
Zientzia eta Teknologia
Dieta Mediterraneoa eta kolagenoa hizpide, 'Teknopolis'en
A.E.
EiTB
Minbizia gainditu dutenen onurarako ariketa fisikoa eta kirola egokitzeko lana hartu duen tesiaz ere arituko dira.
Osasunez gainezka dator aste honetan 'Teknopolis' saioa. Besteak beste, dieta mediterraneoaz hitz egingo dute. Frogatuta dago dieta osasungarria dela eta onura asko dituela, besteak beste, Predimed izeneko ikerketak horixe frogatu zuen. Bada, orain, ikerketa horri jarraipena egin nahian, Predimed Plus jarri dute martxan: dieta mediterraneo hipokalorikoak gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua txikitzen duen ikusi nahi dute. Eta Gasteizko Txagorritxu ospitalea ikerketa horretan ari da parte hartzen. Boluntarioak erreklutatzen ari dira oraindik, baina dagoeneko 70 lagun jarri dira mediku, dietista eta abarren eskuetan.
Eta osasun-gaiekin jarraituz, minbizia gainditu dutenen onurarako ariketa fisikoa eta kirola egokitzeko lana hartu duen tesi baten berri izango da saioan.
Eta gaiz erabat aldatuz, material bitxi bati buruzkoak emango dituzte ezagutzera. Material hori animaliok larruazalean oso ugari dugun proteina bat da: kolagenoa. Larrugintzan hondakina da kolagenoa, baina Miguel Altuna Institutuan erabilera ugari izan ditzakeela ikusi dute.
Saioa osotzeko, martxoko argazki-lehiaketaren irabazlea ezagutzera emango du Iñaki Leturia saioko gidariak.
'Teknopolis' saioa larunbatean, 13:30ean, dago ikusgai ETB1en, eta 09:30ean, igandean, ETB2n.