Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1-en eta ETB2-n

Deba ibaiaren korronteari jarraika, aste honetako 'Teknopolis'en

EITB

Saioak ibaiaren kutsadura metalikoa neurtuko du eta Epeleko araztegiko hondakin-uren tratamendu lana eta azpiegitura ezagutuko ditu.

  • Deba ibaian, Palentxia parean, hilik azaldutako arrainak. Argazkia: Plaentzia.eus

    Deba ibaian, Palentxia parean, hilik azaldutako arrainak. Argazkia: Plaentzia.eus

Deba ibaiak Euskal Herriko ibairik kutsatuenaren ospea du, lehiakide gogorrak izan arren. 1980ko hamarkadan ibaiaren egoera larria zen arroan pilatzen zen industriaren eta biztanleriaren eraginez. Ordutik hona asko hobetu da Debaren uraren kalitatea: araztegiak eraiki dira eta industriari arau zorrotzak jarri zaizkio. Baina oraindik ere bada zer hobetua. Aste honetako 'Teknopolis' saioak Deba ibaian behera ibilaldia egingo du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile batzuen laguntzarekin. Sarri-sarri uraren eta sedimentuen analisiak egiten dituzte kutsadura metalikoa neurtzeko, eta ibaiak azken urteetan izan duen eboluzioaz galdetuko diegu.

Eta Deba ibaian behera goazela, Arrasaten geldialdia egingo dugu. Han dago Epele araztegia, Deba ibaia garbitzeko azpiegitura garrantzitsuenetako bat. Deba- Garaiko hondakin-uren tratamendua egiten dute eta tratamendu lan hori ia guztiz automatizatuta dago. Kontrol-sistema horri esker ura garbitzeko prozesuari buruzko informazio asko jasotzen dute, araztegiko lanak optimizatzeko erabili daitekeena. Helburu horrekin elkarlanean ari dira Gipuzkoako Urak, MSI Grupo eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak.

'Teknopolis' larunbat honetan izango da ikusgai ETB1en 13:30ean, eta igandean, ordu berean, ETB2n.