Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Biolin eta auto kontuak, aste honetan, 'Teknopolis'en

EiTB

Autoak pintatzeko sistema eta teknika berriak eta biolin baten soinuaren gakoa aztertuko dituzte aste honetako saioan.

  • Biolin kontuak, 'Teknopolis'en.(Argazkia: EiTB)

    Biolin kontuak, 'Teknopolis'en.(Argazkia: EiTB)

Aste honetako 'Teknopolis' saioan, itxuraz zerikusirik ez duten bi gai izango dituzte hizpide: autoak eta biolinak (autoen azala eta biolinaren muina, hain zuzen).

Pertsonalizazioa aspaldi iritsi zen autoen mundura, baina gaur egun geroz eta errazagoa da kanpoko itxura aldatzea, eta emaitza ikusgarria da. Elgoibarko Mekan autoak pintatzeko sistema berriak garatzen ari dira, ondoren, Lanbide Heziketako gainerako eskoletara zabaltzeko. Autoaren jatorrizko pintura babesten duten pintura binilikoak, kromatua espraian, irudien hidroinpresioa... Autoaren azala erabat pertsonaliza daiteke.

Eta agerikotik ezkutuenera. Izan ere, jakina da biolin on baten soinuaren gakoa sekretua dela. Baina, ustearen aurka, biolin on bakarrak ez dira stradivariusak eta guarneriak. Kontua da ez dagoela argi zer den biolin on bat, eta hori argitu nahian dabil Claudia Fritz Sorbonako Unibertsitateko aditua. Biolinen aurreko eta atzeko tapen arteko erlazio akustikoan omen dago gakoa, eta, hori argitzeko, besteak beste, BELE Bilboko Euskal Lutheria Eskolako luthierrekin ari da lanean.

'Teknopolis' larunbat honetan izango da ikusgai ETB1en, 13:30ean, eta igandean, ETB2n, 13:40an. Emanaldia eitb.eus-en ere jarraitu ahalko da.