Itxi

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

Tribuaren Berbak

22:30etan

'Tribuaren Berbak'en bigarren denboraldia, igandetik aurrera, ETB1en

EITB

EITB

Kike Amonarrizek gidatzen eta zuzentzen duen saioak Zergatik da garrantzitsua euskara galderarekin ekingo dio kurtsoari.

Datorren igandean, urriaren 19an, bueltatuko da ETB1era 'Tribuaren Berbak' saioa, 22:30ak aldera. Kike Amonarrizek zuzendu eta aurkezten duen programan euskararekin eta euskaraz gozatzeko aukera izango dugu atzera. Gure hizkuntzaren alderdirik deigarrienak eta gure tribua handituko duten lagunak ezagutuko ditugu.

Bigarren denboraldiaren aurkezpenean Kike Amonarriz saioaren zuzendari eta aurkezlearekin batera, Edu Barinaga ETBren zuzendariak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Marije Etxaniz Laboral Kutxako Komunikazio zuzendariak parte hartu dute.

Aurreko denboraldiko 33 ataletan euskararen inguruko hainbat gai jorratu zituen saioak: munduko hizkuntzen artean euskararen tamaina zein den jakin zuten; munduan 7.000 hizkuntza inguru daudela eta euskarak milioi bat hiztun dituenez gurea ez dela, askok uste bezala, hain hizkuntza txikia. Euskaraz zientzia, publizitatea, umorea eta zinema egin daitekeela eta nola egiten den, edota arabiera Euskal Herriko hizkuntza ere badela deskubritu zuten. Hamaika txoko bisitatu eta ezin konta ahala tribukide ezagutu zituzten, Lapueblako lehen euskaldun zaharra, esaterako.

Aurreko denboraldian bezala, Orio Produkzioak eta ETBk elkarrekin ekoizten duten saioa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta Laboral Kutxaren babesarekin, euskararen inguruko interesa pizten saiatuko da, ikusleek hizkuntzarekin goza dezaten eta zergatik ez, baita harritu daitezen ere. Beti ere modu entretenigarri eta dinamikoan.

Aurtengo denboraldia galdera batekin hasiko du saioak: Zergatik da garrantzitsua euskara?. Munduan hizkuntza bakarra balego ez al lirateke gauzak erraztuko? Hizkuntza ekologia zer den azalduko du Belen Uranga soziolinguistak, munduko hizkuntzen aniztasuna altxorra dela, alegia. Amaia Anterok, berriz, hiztunek zergatik ematen dioten garrantzia euskarari argituko du. Kolonbiako hizkuntza ezberdinak ezagutuko dituzte Jon Landabururen eskutik, eta Bernardo Atxaga idazleak bere iritzia eta hausnarketak emango ditu.

Euskara eta munduko gerrak, euskarak Ezkerraldean bizi duen egoera, burmuina hizkuntzaren fabrika... izango dira 'Tribuaren Berbak' saioak hurrengo ataletan jorratuko dituen gaietako batzuk, eta euskarak sortzen duen jakin mina asetzen saiatuko da.

Iaz bezala, 'Tribuaren Berbak' saioko atal guztiak eskuragarri daude EiTBko nahieran zerbitzuan. Era berean, ETBko euskara blogean topa daitezke saioaren gidoi osoa, zati bakoitzari dagokion bideo esanguratsuarekin eta baita saio osoa ere.