Tribuaren Berbak
Gaur gauean
Euskarak Ezkerraldean bizi duen egoera aztergai, 'Tribuaren Berbak'en
A.A.
EiTB
Hainbat lagunek eskualde horretan euskaraz bizitzeko egiten duten ahalegina erakutsiko digu Kike Amonarrizek.
Ezkerraldean ibiliko da gaur gaueko 'Tribuaren Berbak' saioa. Euskarak eskualde horretan bizi duen egoera jorratzeko, hainbat lagunek euskaraz bizitzeko egiten duten ahaleginaren berri emango du Kike Amonarrizek.
XX. mendearen hasieran, Barakaldon euskara egiten zela azalduko du Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastikako batzordeko idazkariak, eta, galera aspalditik badator ere, bertako eguneroko hizkuntza izan zela euskara.
Beatriz Fernandez Euskal Filologian doktoreak 60ko hamarkadako Santurtziren berri emango du. Inguru erdaldun batean ikastolako lehen haur haiek osatzen zuten mikrokosmos euskaldunaren bizipenak azalduko ditu.
Barakaldon euskaldun batek egin behar duen esfortzu bikoitzaz arituko da Mertxe Andres euskara teknikaria.
Meatzaldean izango da saioa, Trapagaranen, hain zuzen ere. Bertan, Kimetz Arana, Ion Barrokal eta beste gazte batzuk herrian euskara erabiltzeko espazioak sortzearen beharraz arituko dira. Izan ere, gazteek hartu dute euskara aurrera ateratzeko erronka, eta rapa ere bada horretarako tresna. Maisha MC eta Endika Lahain euskal rapak Ezkerraldean duen indarraz arituko dira.
'Tribuaren Berbak' saioa gaur gauean izango da ikusgai, ETB1en, 22:30ean.