Tribuaren Berbak
ETB1en
Okzitanierak bizi duen egoeraz, gaurko 'Tribuaren Berbak' saioan
A.A.
EiTB
Okzitaniera, Euskal Herriko hizkuntza izenburupean dator asteon Kike Amonarrizek gidatzen duen programa.
Okzitaniako hizkuntza izango du hizpide aste honetako 'Tribuaren Berbak' saioak, okzitanierak bizi duen egoera. Hizkuntza erromanikoa da okzitaniera, eta, Frantziako hegoaldean ez ezik, Espainian, Italian eta gurean ere hitz egiten da, okzitaniera ere Euskal Herriko hizkuntza baita.
Frank Dolosor ETBko kazetariak okzitaniera 400 urtez Baionako hizkuntza ofiziala izan zela azalduko du, euskarak sekula izan ez duen estatusa zuela alegia. Lehenaldiko kontuak dira; izan ere, egun Frantzian nahikoa gutxietsita dago okzitaniera. Bidaxuneko gazteluan Bruno Sallaberry musikariaren ahotik entzungo dugu okzitanieraren dialektoa den gaskoia.
Jose Ramon Zubiaur hizkuntzalariak okzitanierak Donostia eta Pasaia inguruetan utzitako arrastoa azalduko du. Ulia, Gros, Urgull, Miramon... Donostian toponimo ugari gaskoiak dira, merkatari gaskoien portu eta bizitoki izan baitzen gipuzkoar kostaldea XIX. mende amaierara arte.
Aurtengo Durangoko Azokako herrialde gonbidatua izango da Okzitania, eta Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariak euskal kulturaren hitzordu garrantzitsuenetakoaren nondik norakoak aurreratuko ditu.
Paue hiria ezagutzeko parada izango du Kike Amonarrizek anfitrioi bereziak gidatuta. Pier-Paul Berzaitz abeslariak Bearnoko hiriburuko txokoak erakutsiko dizkio, eta zuberotar eta bearnotarren arteko harremanez arituko da. Okzitaniar Institutuko Joan Breç kideak bertan hizkuntza sustatzeko egiten ari diren lana azalduko du. Calandretan ere izango da Amonarriz. Gure ikastolaren parekoa da Calandreta, eta Isabèu Vergnes bertako zuzendariarekin okzitanieraren etorkizunaz mintzatuko da.
'Tribuaren Berbak' saioa gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en.