Tumatxak
22:00, ETB1en eta eitb.eus-en
Fermin Muguruzaren ibilbideari eskainitako 'Tumatxak', gaur gauean
A.E. | EiTB
Julen Telleriaren eskutik, artista polifazetikoaren ibilbide jorian murgilduko da saioa.
Fermin Muguruza artista polifazetikoaren ibilbide jorian murgilduko dira gaur gauean 'Tumatxak' saioan, Julen Telleriaren eskutik.
Musikarako berez zuen trebetasuna bideratzeko lehen urratsak ikasi zituen Fermin mutikoak Irunen Mikel Bikondoa akordeoi irakaslearekin. 80ko hamarkadan, artista eta sortzaile askoren topagune izan zen Mosku auzo mitikoan rockaren harra piztu zitzaion, eta Kortatu taldea sortu zuen Iñigo anaiarekin eta Javier Armendarizekin batera. Mezu zuzen eta errebeldeak baliatuz, Euskal Herrian jorratu gabeko punk, ska eta reggae doinuekin uztartu zituzten irundarrek, belaunaldi oso batentzat ikur bilakatuta. 90eko hamarkadak mugarri berria ekarri zuen: Negu Gorriak taldearen sorrera. Euskal nortasuna eta gizarte aldaketa aldarri hartuta, hip-hop doinu berritzaileek arrakasta itzela lortu zuten euskal musikaren panoraman.
1996. urtea inflexio-puntu erabakigarria izan zen ordurako euskal musikan erreferente garrantzitsua zen Fermin Muguruzarentzat, eta bakarkako ibilbidea hasi zuen. Orotariko fusio, elkarlan eta kultur-aliantzekiko zaletasunak bultzatuta, ordea, kolaborazio ugari gauzatu ditu harrezkero Euskal Herriko zein atzerriko artistekin; Bidasoaldeko DUT taldearekin egindako albuma, esate baterako. Harkaitz Cano idazlea bidelagun hartuta, berriz, komikigintzaren esparruan sartu-irtena egin zuen irundarrak Ameriketako Estatu Batuetan egindako egonaldia inspirazio-iturri hartuta.
Gatazka identitarioak eta gizarte borroka izan dira sortzaile honen leitmotiv nagusiak, eta, abestietan ez ezik, azken urteotan egindako hainbat dokumentaletan ere islatu ditu Muguruzak; Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak gertutik jarraitu ditu ikus-entzunezko lan horiek.
Fermin Muguruzaren lanek arrasto esanguratsua utzi dute euskal musika zein kultur esparruan, eta 'Tumatxak' saioan, ondare artistiko baliotsu horri omenaldia egiteko asmoz, Joseba Irazoki, Lain, Petti eta Tania de Sousa artisten ahotsean entzungo ditugu dagoeneko sinbolo bihurtu diren bere hainbat abesti.
'Tumatxak' gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.