Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Errigora produktuak eta EiTB Maratoia, aste honetako 'Txoriene' saioan

Kirolarien tartean, Gurutz Aginagalde eta Iraia Iturregi izan ditu gonbidatu Zigor Iturrietak. Halaber, minbiziaz eta elikaduraz ere aritu dira Silvia Huegun dietistaren eskutik.

  • Zigor Iturrieta

Gurutz Aginagalde eskubaloiko jokalaria, Silvia Huegun elikaduran aditua, Joseba Antxustegi EiTB Maratoiaren inguruko saio berezian, Natxi Aranburu Errigora produktuekin, eta Iraia Iturregi Athleticeko futbolaria izan dira aste honetan 'Txoriene' gastronomia saioko protagonistak. Arratsaldero, 15:00etan hasita, otordu sanoak eta goxoak prestatu ditu Zigor Iturrieta sukaldariak gonbidatu horiekin batera.

Astelehenetan, kirolariak izan ohi dira gonbidatu ETB1eko saioan. Oraingoan, Gurutz Aginagalde eskubaloiko jokalaria izan da sukaldean, eta bi plater prestatzen lagundu dio Zigor Iturrietari: patatak bakailaoarekin errioxar erara eta bakailaoa karakolekin.

Asteartean, nutrizioaren alorrean lan egiten duten adituen saioan, hilero legez, Silvia Huegun dietista eta elikaduran aditua izan da 'Txoriene' saioko platoan. Elikadurak minbizia saihesteko duen garrantzia kontuan izanda, honako hiru errezeta prestatu ditu: barazki tenpura, izokina tomate konpotarekin eta oliba beltz olioarekin eta fruitu gorri irabiakia.

Asteazkenean, EiTB Maratoiarekin lotutako saio berezia izan da 'Txoriene'n. Hartara, Angelman sindromea duen Aitor mutikoaren aita, Joseba Antxustegi, hartu du Zigor Iturrietak, eta hainbat plater prestatu dituzte elkarrekin: patata bolak marmitakoz beteta, barbarinak urdaiazpikoz beteta salmorejo gainean eta datilak eztitan karamelu bihurtuta, jogurt eta laranja-lore gainean.

Ostegunean, hornitzaileen eguna izan ohi dugu. Oraingoan, Nafarroa hegoaldeko produktuen Errigora saskia protagonista dela, Natxi Aranburu izan du alboan 'Txoriene' saioko sukaldariak, eta hainbat plater prestatu dituzte: kardua arbendol oskolean txirlekin, orburuak galeper arrautzekin eta urdaiazpikoarekin, potxa entsalada, ahuakate eta izokin ketuarekin eta muxika eta txokolate zurizko browniea.

Astea amaitzeko, Athleticeko jolakari baten bisita izan dugu, izan ere Iraia Iturregik hainbat jaki prestatu dizkigu Zigor Iturrietaren laguntzarekin: guakamole kaneloi bereziak, lupia gatz erara, bakailaoa oliba olio eta piperminarekin eta hur krema gozoa (Nutella).

Astelehenetik ostiralera, 15:00etan hasita, plater goxo eta osasungarriak prestatzen irakasten du Zigor Iturrietak 'Txoriene'n, ETB1en eta eitb.eus-en.