Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Gastronomia ETB1en

Errugbia, dieta orekatua eta pizzak hizpide, aste honetan ‘Txoriene’n

A.A.

EiTB

Asteazkenean barraskiloak prestatzen ikasiko dugu eta ostiralean Hernaniko Iturralde jatetxeko sukaldaritza ere ezagutuko dugu.

  • Zigor Iturrieta, 'Txoriene'ko aurkezlea

    Zigor Iturrieta, 'Txoriene'ko aurkezlea

Errugbia, dieta orekatuak, barraskiloak eta pizzak izango dituzte hizpide aste honetan ETB1eko 'Txoriene' saioan. Horrez gainera, ostiralean Hernaniko Iturralde jatetxea ere ezagutuko dugu.

Astelehenean, kirolarien tartean, Durangoko Errugbi Taldeko bi kide izan dira Zigor Iturrietaren sukaldean: Uri Barrutieta eta Lide Rementeria. Senior mailako nesken taldean aritzen dira, Durango Nissan-Gaursa Rugby taldean hain zuzen ere. Normalean egiten duten dieta nolakoa den eta nolako kirol bizitza daramaten erakutsiko digute. Horrekin batera, hiru plater prestatu dituzte: arroza garagardo erara, txerri ukondo eta gari-zainzuriekin; perretxiko eta barazki chop suey-a eta browniak.

Asteartea dietetan adituak direnen eguna izan ohi da. Jabier Agirre medikuak Gabonen ondorengo garai honetan jende askok hasten dituen dietei buruz hitz egingo digu. Gure gorputza zaintzean eta argaltzerako orduan zer hartu behar dugun kontutan azaldu digu, baita dauden arriskuak ere. Bitartean, bi errezeta prestatu ditu Zigor Iturrietarekin batera: bakailao tortila, urdaiazpiko iberikoarekin eta salmorejoarekin eta arberjiniak oilaskoz eta martorriz beteta.

Asteazkenean, Eibarko Tere Iriondo izan du gonbidatu Zigor Iturrietak. Barraskiloak izan dira saio honetako protagonista. Eibarren Gaztañerre egunean jateko ohitura egoten da eta nola prestatzen dituzten erakutsiko du Terek. Bigarren errezeta gurin gailetak izan dira.

Ostegunak hornitzaileen egunak izaten dira ?Txoriene?n. Oraingo honetan, pizzen eguna izango da, ordea. Lapurdiko pizzak pizzeriko Damien Laurencena eta Nayeli Rivandeneyra etorriko dira sukaldera. Damien Senperekoa da eta Nayali Mexiko DFkoa, baina Errenterian zabaldu zuten negozioa. 50 pizza inguru eskaintzen dituzte eta baita paniniak eta taloak ere. ETB1eko saioan mendizaleak pizza, goxoa pizza eta hur krema taloa egiten erakutsiko digute.

Astea amaitzeko, berriz, Hernani aldera joko dugu: Iturralde jatetxeko Eider Mendiola izango dugu gonbidatu. 1985ean zabaldu zuten jatetxea Eiderren gurasoek Erenotzu auzoan. Dagoeneko haiek erretiratu ziren eta bi alabek, Eiderrek eta Aitziberrek hartu dute lekukoa. Beraien jatetxeko hiru plater egiten erakutsiko digute: barrengorri-lurra sagar purearekin, bakailao arrokak eta txokolate moussea.

'Txoriene' astelehenetik ostiralera izaten da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en 15:00etatik aurrera, eta bertako errezetak webgunean aurkitu daitezke.