Txoriene
Gastronomia ETB1en
Reala, haurren errezetak eta Markiegi ardoak, 'Txoriene'n
A.A. | EiTB
Gaur, ostirala, Elgoibarko Estitxu eta Beñat haurrak izango ditu gonbidatu Zigor Iturrietak.
-
Zigor Iturrieta
Aste honetako 'Txoriene' saioa errezeta berriz beteta dator. Reala, haurrak eta Markiegi ardoak izango ditu protagonista.
Astelehenean, kirolarien egunean, Itziar Gastearena Real Sociedad taldeko futbolari billabonatarra izan zuen gonbidatu Zigor Iturrietak. 22 urte ditu eta bost urte daramatza Realean jokatzen. Aurten denboraldia nola doan kontatu zuen ETB1eko gastronomia saioan. Bien bitartean, patata eta bakailao kroketak sesamo lurrinetan eta txerri-mihi eta barazki entsalada epela prestatu zituzten.
Asteartean, adituen egunean, Gorka Gereño sukaldari makrobiotikoaren txanda izan zen. Aste honetan, plater hauek prestatzen erakutsi digu: garbantzu pastela artatxikiarekin; oilasko izterrak, kuskusa, mahaspasa eta ahuakatez beteak, perretxikoekin; eta algarrobazko madalena integralak, platano saltsarekin.
Asteazkenak haurren saioak izan ohi dira. Asteon, Iruñeko Frantzisko Deuna ikastetxeko Eider Aldaregia eta Arai Alberdi izan zituen lagun Zigor Iturrietak. Gustukoen dituzten jakiei buruz aritu ziren, eta, bitartean, hauek prestatzen ikasi zuten: arroz hanburgesak ahuntz gaztaz beteta; brokoli eta patata pasteltxoak; eta marrubi eta txia-hazi budina.
Hornitzaileei ireki die atea 'Txoriene'k ostegunean. Aste honetan, Arabako Errioxako Villabuena herrian dagoen Markiegi ardoak etxeko Inar Markiegi aritu da sukaldean. Inarrek ekarritako ardoak oinarri hartuta, menu hau prestatu dute: ahate eta arroz entsalada epela, ardo-karamelu ozpin-olioarekin; buztan-erregosiaren kaneloiak, ardo beltz saltsarekin eta ardo beltz kurruskaria.
Ostiralean, haurrak izango dira berriz ere protagonista. Elgoibarko Estitxu Arregi eta Beñat Rementeriaren bisita izango du Zigor Iturrietak. 7 urte dituzte, eta ETB1eko gastronomia saioa ezagutzeko irrikan omen daude. Honako plater hauek prestatuko dituzte: askotariko frijituak, croissant budina eta marrubi, kiwi eta anana brotxeta polentarekin.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan izaten da ikusgai 'Txoriene' ETB1en eta eitb.eus-en.