Txoriene
Sukaldaritza
Baratzea estreinatuz hasiko du denboraldia gaur 'Txoriene'k
A.A. | EITB
Aurten, 'Txoriene'n bertan ekoitzitako barazkiak erabiliko ditu Zigor Iturrietak platerak prestatzeko. Horrez gainera, sendabelarrei eta gozogintza alternatiboari buruz ere arituko dira.
-
Zigor Iturrieta eta Oier Iurramendi Txorieneko baratzan
Hainbat berrikuntzarekin ekingo dio gaur 'Txoriene' ETB1eko gastronomia saioak denboraldi berriari. Hasteko, sukaldaritzaz gainera, baratze kontuak, sendabelarrak eta gozogintza alternatiboari buruz ere ikasiko ditugu aurten.
Baratzea jarri du ETB1eko sukaldaritza saioak platoaren kanpoaldean, eta Oier Lurmendi adituari eman dio baratze hori kudeatzeko ardura. Bost gune prestatu dituzte, landare ezberdinekin: udaberriko barazkiak, udazkenekoak, sendabelarrak, produktu berriak eta apaingarritarako loreak. Baratze horri esker, garaian garaiko produktuak zeintzuk diren eta noiz landatu behar diren ikasiko dugu, eta, ondoren, Zigor Iturrieta aurkezle eta sukaldariak bere platerak egiteko erabiliko ditu.
Oier Lurmendi eta gainerako adituak astearteetan izango dira 'Txoriene'n. Orain arte, Silvana Huegun dietista, Gorka Gereño sukaldari makrobiotikoa, Horacio Chacin gozogilea eta Jabier Agirre familia medikua ezagutzen genituen. Aurten, hiru lagun berri gehitu behar dizkiogu zerrenda horri: aurrez aipatutako Oier Lurmendi, gozogintza alternatiboan aditua den Amaia Castorene eta sendabelarrei buruzko informazioa ekarriko digun Garbiñe Larrea.
Asteko gainerako egunetan, bestelako gonbidatuak izango ditugu: astelehenetan, kirolariak; asteazkenetan, elkarte eta artistak; ostegunetan, Laureano Telleria eta Luis Arrieta beteranoak, aspaldiko kontuak kontatuz, eta ostiraletan, jatetxe eta hornitzaileak.
Orain arte bezala, astelehenetik ostiralera, 15:00etan joko digute atea Zigor Iturrietak eta lagunek eitb.eus-en eta ETB1en. Saioan landutako errezeta batzuk, gainera, webgunean ere egongo dira eskuragarri.