Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

Asteartean

Harrera familien inguruan arituko da gaur 'Ur Handitan' saioa

I. E. | EITB

Horien beharrean dauden haurrak asko dira, eta errealitate ezberdinak erakutsiko dizkigu Xabier Madariagak, 22:20tik aurrera.  

0:20

Harrera familia beharrean dauden haurrak asko dira. Bakoitzak iragan eta errealitate ezberdina bizi du, eta honi aurre egiten lagunduko dion familia bat ezinbesteko dute. Ez da bidaia erraza izaten, eta harrera haurra bere guraso biologikoengana itzultzeko beldurrak botatzen du atzera gizartearen gehiengoa. Errealitate ezberdin hauek erakusteko asmoz, honako harrera familiak bisitatuko ditu 'Ur Handitan' saioak, gaur gauean, 22:20an, ETB1en.

Araian izango gara Bea Auzmendi eta Aitor Mendizabal bikotearekin. Aner seme biologikoa izan ostean, familia handitu nahian, bi urteko mutikoa hartu zuten harreran. Bi urte igaro dira ordutik, eta egokitzapen prozesua zaila izan bazen ere, gaur egun familia zoriontsua osatzen dute.

Familia handia da Xabier Euzkitze eta Txus Manterolarena ere. Seme biologiko bakarra izan arren, adoptaturiko 12 urteko neskatxa bat eta harrera familia mugagabean harturiko 9 urteko semea dute. Laugarren haur bat ere batu zaie orain, urgentziazko harreran hartu duten hilabete gutxiko txikitxoa.

Araban, Gasteizen, Ana Escudero bizi da. Hezkuntza Laguntzeko espezialista da. Harrera ama izateko eskaria egin zuenean, bere profila kontuan hartuta, harreran autismoa duen 4 urteko mutikoa hartzeko gonbita egin zioten. Gaur egun, 11 urte ditu haurrak, eta ama eta amama biologikoarekin harremana badu ere, Ana da bere egunerokoaren gidari. Haiekin egongo gara harrera espezializatuaren gorabeherak  gertutik bizitzeko.

Mikel Iraundegi eta bere bikotearen kasua ere ez da xamurra izan. Bi ahizpa donostiar hartu zituzten harreran, bi eta sei urtekoak. Bi haurren arteko harremana ez da erraza izan, eta helduena harrera pisura itzuli behar izan da. Prozesu honen zailtasuna, gertatutakoaren irakurketa eta euren bizipena azalduko dizkio Mikel aitak Xabier Madariagari.

Pape 13 urte besterik ez zituela iritsi zen pateran Kanaria uharteetara, bizimodu hobe baten bila. Bertan, Euskal Herrira etortzeko hautua egin zuen. Etorkin gehiagorekin batera Lezoko pisu batean bizitzen zegoela, Hernaniko futbol taldean hasi zen jokatzen, eta Iñigo Esnaola gaztea ezagutu zuen. Iñigoren etxera bazkaltzera joan, eta bisiten maiztasuna ugaritu ostean, harreran hartu zuten. Orain, 22 urte ditu Papek, eta familiako kide da.

Senegaldik Ukrainara. Txernobylgo Nastya neskatilak 7 urte zituela igaro zuen lehen uda Mendaron, Carmen Larrañaga eta familiaren etxean. Ordutik, 11 urtez jarraian etorri da Euskal Herrira. Egun, 17 urte ditu, eta Euskal Herrian bizi nahiko luke. Carmenekin ez ezik, Ukrainarekin ere bat egingo du Madariagak, Nastyaren testigantza jasotzeko.

'Ur Handitan' saioa gaur gauean izango da ikusgai, 22:20tik aurrera, ETB1en.

ETB1en.