Ur Handitan
22:15ean
'Ur Handitan' saioak konpromisoari buruz hitz egingo du gaur gauean
A.E.|EiTB
Besteak beste, Grezian atxilotutako Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga ekintzaileak eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuan boluntario lanetan aritzen diren Antton Arruti edo Antton Mendizabalekin egongo dira.
Konpromisoa izango da gaur gauean 'Ur handitan' saioak landuko duen gaia. Gure gizartean jende asko dago ondokoei laguntzeko prest. Laguntza eta denbora eskaintzeko prest daude, eta horren truke ez dute ordainik espero. Gipuzkoako Elikagaien Bankuan boluntario lanetan aritzen diren Antton Arruti eta Antton Mendizabal dira horren adibide. Horien konpromisoaren zergatien berri emango dute saioan.
Begoña Huarte eta Mikel Zuloaga ekintzaileak orain dela hiru hilabete atxilotu zituzten Grezian jasotako zortzi errefuxiatu Euskal Herrira ekartzen saiatzeagatik. Legez kontrako emigranteak Europan sartzen laguntzea leporatu zieten, eta gaur egun epaiketaren zain daude. Begoña Huartek ekintza horren nondik norakoak azalduko ditu 'Ur Handitan' saioan. Berriro egingo lukeela dio, eta errefuxiatuen egoerarekin "oso konprometituta" dagoela.
Gurutze Gorriko Itsas Salbamenduko Ane Anza eta Beñat Lujanbio boluntarioek ere euren esperientzia azalduko dute, eta gauza bera egingo du Jon Arias Hurkoa Fundazioan laguntzen aritzen den gazteak. Hurkoa Fundazioa pertsona adinduei laguntza eta konpainia emateaz arduratzen da.
Euskal herritarren konpromisoa gizartearen esparru askotara iristen da. Olaia Laka gaztea, adibidez, buru-belarri sartuta dago Bizkaian bazterturik dauden pertsonak gizarteratzeko antzerki proiektu batean. Nerea Godoi, berriz, Sanfilippo sindromea duten gazteei laguntzen aritzen da.
Minbizia duen jendearentzat ilea ematen duten herritarrak ere azalduko dira saioan, eta abandonatutako animaliei euren denbora librea eskaintzen dietenak.
Hori guztia, gaur gauean, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.