Ur Handitan
22:30ean
Berri Txarrak taldea, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
A.E.|EiTB
25 egunetan sei herrialdetan 17 kontzertu eman ondoren, etxera itzuli dira eta Euskal Herrian egin duten kontzerturik handiena prestatzen ari dira Berri Txarrak taldeko kideak.
Berri Txarrak taldea izango da gaur gauean 'Ur Handitan' saioan protagonista. 25 egunetan sei herrialdetan 17 kontzertu eman ondoren, etxera itzuli dira eta Euskal Herrian egin duten kontzerturik handiena prestatzen ari dira Berri Txarrak taldeko kideak. Larunbat honetan, martxoaren 17an, 10.000 zale baino gehiago elkartuko ditu BECen.
Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre nazioarteko aretoetan euskarazko rock musika zabaldu duten hiru musikari profesionalen bizitza ezagutzeko asmotan, Lekunberrira, Bilbora eta Hondarribira joan da saioa.
Mende laurdena beteko duen musika talde honek Lekunberri du sorterri. Eskola garaian, 14 urterekin, lagunekin batera hasi zen Gorka Urbizu lehen rock gitarrak astintzen.
Hasiera haiek gogoan ditu Aitor Orejak, garai hartan taldearen gitarra-jotzaile izandakoak. Taldean emandako urte haiek garai onena izan zen Orejarentzat, garai onena eta inozenteena. Bere bizitzako taldean hamar urte igaro ondoren, erabaki bat hartu behar zuen: aurrera egin edo taldea utzi. Azken hori egitea erabaki zuen. Ez zitzaion batere erraza egin, ordutik ez baita taldearen kontzertu batera ere joan. "Zaila da niretzat", dio berak. Oraindik ere bihotzean duen taldeak sentsazio gazi-gozoak sorrarazten dizkio: "Eurak hor daude eta ni ez, eta hori momentu batzuetan ez da erraza".
David Gonzalez musikari profesional gisa sartu zen Berri Txarraken. Nerabezaroan futbolean buru-belarri zebilenean, anaiak baxu bat sartu zuen etxean, eta horrek bizitza goitik behera aldatu zion. Taldekideek oso izaera ezberdinak dituzte: Gorka tipo lasaia eta azkarra da, Galder makina bat da eta David urduria eta profesionala.
Galder Izagirrerentzat musika pasio bat izan da. Ibilbidea argazkilaritzara bideratzeko asmoa zuen Berri Txarrak taldearen deia jaso zuenean. Istant berean erabaki zuen, zalantzarik izan gabe, taldearen parte izan nahi zuela. Geroztik, munduan zehar bateria astintzen ibiltzeaz gain, taldea erretratatzen dihardu.
David eta Galder aita dira, eta halako talde baten parte izateak euren bikotekideentzat, euren aitatasunean eta euren etxean zer suposatzen duen ere kontatuko digute. Arrantzaleen bizitzarekin alderatu dute, gogortasunagatik eta etxean daudenek dituzten beharrengatik.
Etxeko giroan murgilduta, Gorkaren arrebak, Nereak, argi utzi digu bere etxean musika familiako kide bat gehiago zela. Neba pertsona itxia, lotsatia, azkarra eta umila dela esaten du. Etxean eta agertokian erabat aldatzen da Gorka, zuritik beltzera, baina hankak beti izan ditu lurrean, arrebaren esanetan.
Berri Txarrak musika taldeari buruzko saioa gaur, asteartea, 22:30ean, izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en.