Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:00etan

'Ur Handitan' saioak Kataluniatik ekingo dio denboraldi berriari gaur gauean

Bertako gizarteak prozesu famatuaren epaia nola jaso duen aztertuko du Xabier Madariagak eta bere lantaldeak 'Sententziaren itzalean' erreportajean.

0:25
Montse Puigdemont eta Xabier Madariaga

Udako etenaldiaren ostean, ETB1eko 'Ur Handitan' saioa bueltan da, eta, hasteko, gaurkotasun handiko atala prestatu du Xabier Madariaga gidari duen lantaldeak. Kataluniara joan dira, bertako gizarteak procés famatuaren epaia nola jaso duen bertatik bertara ezagutzera. Kaleko herritarrei ahotsa emango die saioak, gaurkotasunari buruz galdetuz, baina ohiko sakontasuna alde batera utzi gabe. 

Errepublikaren defentsa batzordeetako kideak, epaiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten euskaldunak, Kataluniako prozesuaz aspertuta dauden herritarrak... Denetarik aurkitu du Madariagak, eta iritzi bilduma hori guztia eskainiko digu 'Sententziaren itzalean' izeneko erreportajean, asteartean, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. 

Hortik aurrerako saioetan ere ez da berritasunik faltako aurtengo 'Ur Handitan'en. Orain arte bezala, pertsonak izango dira saioaren oinarria, baina, pertsonak ezagutzeaz gain, horien inguruak garrantzi berezia izango du. Protagonistekin zenbait egun pasatuko ditu Xabier Madariagak, eta, horrela, elkarrizketatuen egunerokotasuna hobetu ezagutu ahal izango dute ikus-entzuleek. 

Esate baterako, denboraldiko bigarren saioan Aralarrera joango da Madariaga, bertan bizi diren azken artzainen bizimodua ezagutzera. Aiora Goikoetxea, borda batean bizi den 19 urteko artzaina, izango da atal horretako protagonista. Lekeitioko zaharren-egoitzan ere egun batzuk pasatuko ditu 'Ur Handitan' saioko aurkezleak. Egoitza horretan bizi diren aitona-amonek zahartzaroa nola bizi duten kontatuko diote. 

Adimen-urritasuna duten 14 pertsonak elkarrekin bizitzeko duten pisu bat eta klausurako mojak bizi diren komentu bat ere bisitatuko ditu Xabier Madariagak, besteak beste.

Aurtengoa denboraldi berezia izango da 'Ur Handitan' saioarentzat, izan ere, 100 atal beteko dituzte azaroan. Hori dela eta, saio berezia prestatzen ari dira.

'Ur Handitan' saioa astearte gauetan izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.