Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

Gaur, 22:00etan

'Ur Handitan'ek Behobia-Donostia lasterketarekin bat egingo du 100. atala ospatzeko

EiTB

Xabier Madariaga lasterketarekin harreman berezia duten bost pertsona izango ditu solaskide: Alazne Mujika, Eva Esnaola, Itxaso Martí, Alain Irazu eta Iraitz Arrospide.

  • 'Ur Handitan' saioaren 100. ataleko irudia

    'Ur Handitan' saioaren 100. ataleko irudia, EiTBren bideo batetik ateratakoa

'Ur Handitan' telebista saioa 100. atalera helduko da gaur, eta, ospatzeko, 100 urte bete dituen Behobia-Donostia lasterketarekin bat egingo du. Ehun izenburupean, asteartean, azaroaren 12an, 22:00etan, emango da programa berezi hau.

Behobia-Donostia lasterketa Euskal Herriko herrikoiena da; milaka pertsonak hartzen dituzte kaleak Europatik, Espainiatik eta Euskal Herri osotik etorritako korrikalariak ikusteko. Aurten, Behobiak 100 urte bete ditu, eta urtemuga horrek saio berezia egiteko aukera eman dio 'Ur Handitan' saioko taldeari. Xabier Madariaga aurkezlea lasterketan parte hartzen ikusiko dugu, Behobiaren atmosferan murgilduta. 

Saioko protagonistak Behobia-Donostiarekin harreman berezia duten bost pertsona izango dira: Alazne Mujika eta Eva Esnaola, atletak eta lagunak, Behobia-Donostian erbi lana egin duten lehen emakumeak, batetik, eta Itxaso Martí, Donostiako Ospitaleko neurokirurgialari pediatrikoa, bestetik. Emakume honek Behobia Solidarioa ordezkatu du, Dravet sindromea ezagutarazten ari den fundazioaren kamisetarekin egin baitu korrika. 

Laugarren protagonista Alain Irazu izango da. Tolosar hau aski ezaguna da Behobia-Donostia ikustera joaten direnen artean, hanka bakar batekin egiten baitu proba, slalomeko patinaren gainean. Berarena gainditze istorio bat da, eta kamera aurrean kontatuko du. Aurtengoa bere azken Behobia izan da, medikuak patina uzteko gomendatu baitio. 

Azkenik, Iraitz Arrospide izango dute programan. 50 kilometroko munduko txapelduna da billabonatar gazte hau, eta Behobia irabazteko asmoz dator; izan ere, Behobiak bultzatu zuen atletismo mundura. Running herrikoian hasi zen Iraitz, eta ibilbide meteorikoa izaten ari da. Bere hurrengo erronka Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatzea da. 

Protagonista guztiak lasterketa aurretik elkarrizketatu ditu Xabier Madariagak, eta Behobian parte hartzeko entrenatzen ere ikusiko ditugu. Lasterketa egunean, berriz, Xabierrekin hainbat momentu pasatu dituzte.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.