Ur Handitan
22:30ean
"Bizilagunen beldur" erreportajea, gaur gauean, "Ur handitan" saioan
EiTB
7. #Etxeangeratu atalak kalean egoteagatik salatuak eta irainduak izan diren lagunen istorioak bilduko ditu, eta salaketen atzean dagoen beldurraz arituko dira.
Gaur gauean, "Ur Handitan" saioak alarma-egoeran kalean egoteagatik salatuak izan direnak eta salatzaileak izango ditu hizpide nagusi. Covid-19a dela-eta bizi dugun ezohiko egoera berria da guztiontzat. Elkartasun egitasmoak ugariak dira, baina egoera honek beste mota bateko jokabideak azaleratu ditu: kalean dabilen jendea salatzea, esaterako. Gure protagonistek eurek bizi izan dituzte irainak kalean egoteagatik. Zerk bultzatzen gaitu horrelako portaera izatera?
Andrea Rocha Irungo gizarte hezitzailea da, eta Xabiren zaintzailea: Xabik 15 urte ditu, eta autismoa dauka. Duela gutxi, Xabirekin kalean zebilela pertsona batek "joan zaitez etxera zure subnormalarekin" esan zion, eta horrek Xabiri krisia eragin zion. Bizilagun batzuek krisia grabatu eta sare sozialetara igo zuten, burlaka. Egun horretan gertatutakoaz gain, autismoa duten pertsonek eta haien familiek itxialdian bizi dituzten zailtasunak azalduko dizkigu.
Hilabeteko alabarekin gora eta behera harrapatu du itxialdiak Maialen Agirre. Pediatrarenera bidean bi aldiz egin diote oihu balkoietatik. Haurrak kalera ateratzeko baimena gogoz hartu zuen, baina lehen paseoa eman eta etxera itzultzean sare sozialetan gurasoak jomugan nola jartzen zituzten ikusita epaitua eta kritikatua sentitu zen. Gurasoak azken egunetan izan dira kritikatuak, baina txakurrak dituzten pertsonak itxialdiaren lehen egunetik egon dira askoren ahotan. Irune Pinatxok bi txakur handi ditu, eta txakurrak kalean etengabe paseatzen ibiltzea leporatzen dio jendeak.
Egun hauetan lanera joan behar izan dutenek ere erasoak jasan dituzte. Miren Arantzazu Lopezek Bilboko Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzurako egiten du lan. Itxialdiarekin batera, bere lanak gora egin du, gehien behar duten pertsonak zaintzen baititu. Lanera bidean, oihu egin izan diote, eta baita petardo bat jaurti ere. Ordurik okerrena 20:00ak direla dio, jendea balkoietan txaloka dabilenean.
Zerk bultzatzen du bizilagun bat beste bat salatzera horrelako egoera batean? Zerk garamatza gure ingurukoekin alarma-egoeran egotera? Jose Mari Guruziaga udaltzainburua da, eta itxialdia hasi zenetik 450 bat dei jaso dituztela dio. Dei horien atzean jendearen beldurra dagoela azpimarratzen du.
Bizilagunen beldur, gaur, "Ur Handitan" saioan, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.