Ur Handitan
Elikagaien bankuak
'Janari eske', gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EiTB
Xabier Madariaga kazetariak Elikagaien Bankuak eta bertako boluntarioak, erabiltzaileak, emaileak eta bitartekari elkarteak ezagutuko ditu gertutik.
Elikagaien Bankuak eta bertako boluntarioak, erabiltzaileak, emaileak eta bitartekari elkarteak izango dira ETB1eko "Ur Handitan" saioko protagonistak. Gaur, 22:30ean emitituko da Janari eske izenburuko atala.
Euskal Herriko Elikagaien Bankuak existitzen direnetik, krisi ekonomiko bat baino gehiago izan da, baina sekula ez azken hilabeteetan bizi izan duguna bezalakoa. Elikadura-larrialdi honi nola egin dioten aurre jakiteko, "Ur Handitan" bertara hurbildu da. Ehunka boluntario eta elkartek osatzen dute elikagaiak emaileengandik erabiltzaileen eskuetara heltzeko beharrezkoa den sarea.
Horrela, Bizkaiko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuko biltoki handiak bisitatuko ditu Xabier Madariagak, prozesu honen hasiera ezagutzeko. Basaurin eta Oiartzunen produktuak nola jasotzen eta sailkatzen dituzten ikusiko dugu, eta bertako boluntarioekin solasaldi bat izango du Madariagak. 66 urteko Amaia Urberuaga australiar-euskaldunak, Bizkaiko instalazioak erakusteaz gain, nola eta zergatik egin zen boluntarioa azalduko digu, besteak beste. Gauza bera egingo du Oiartzungo biltokian orduak ematen dituen Juanra Jodar suhiltzaile erretiratuak.
Elikagaien Bankutik hainbat elkartetara eramaten dira bildutako elikagaiak. Kasu honetan, Bizkaiko Gurutze Gorria, Tolosako Zutani elkartea eta Azkoitiko Caritas agertuko dira bitartekari-lanak egiten. Elkarte horien bidez, janaria erosteko nahiko dirurik ez duten eta zerbitzu hau behar duten pertsona batzuk ezagutuko ditugu.
Tolosan bizi den gizon baten kasua da; berak anonimotasuna mantendu nahi izan du. Badu lana, eta Aldi Baterako Lan Erregulazioan dago, baina hori ez da bere arazo nagusia. Orain dela gutxi, enpresa bat eraikitzen saiatu zen, eta porrot egin zuen. Zor handi-handia du, eta amaren etxera joan behar izan du bizitzera emaztearekin eta alabarekin. Eskatutako kreditu-kuotak ordaintzen baditu, 100 euro geratzen zaizkio bizitzeko, eta elikagaien laguntza oso ondo datorkio.
Beste kasu bat Leire Martinezena da. Lekeition bizi da, ezkongabea da, eta 17 urteko alaba bat dauka. Taberna batean lan egiten zuen pandemia heldu zenean. Aldi Baterako Lan Erregulazioko 800 euroko saria atzeratu egin zen, eta hilabete eta erdi ezer kobratu gabe egon zen. Ondorioz, elikagaiak eskatzera behartuta ikusi zuen bere burua.
Elikagaiak jasotzen ditu Azkoitian bizi den Costa Ricako Jorge Eduardo Morak ere. Orain dela hiru urte utzi zuen jaioterria emaztearekin eta bi seme-alabekin bizitza hobe baten bila. Baina, lan-baimenik ez duenez, ezin ditu eskuratu eskaintzen dizkioten lanak, eta laguntzei esker bizi behar du.
"Ur Handian" saioak Janari esker atala eskainiko gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.