Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Euskaldunak Himalaian', gaur gauean, "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioan

EITB

Himalaian izandako hainbat euskaldunen istorioa izango du hizpide Xabier Madariagak gidatzen duen saioak.

0:36
Alex Txikon alpinista

Gaur gauean, euskaldunak Himalaian izan duten ibilbidea izango du hizpide "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" programak.

Euskal himalaismoaren hastapenak 1974an izan ziren, Tximist espedizioaren eskutik. Bertan zegoen Felipe Uriarte mendizalea, Everesteko 1980ko espedizio arrakastatsuko kidea. Kata Etxebarriak (Hemilio Hernandoren espedizioko kidearen bikotekidea) ondo gogoratzen ditu senarrak eta biok elkarri bidali zizkioten gutunak eta Euskal Herrian mendizaleek izan zuten harrera beroa. 1980ko maiatzaren 14an gailurrera heltzea lortu zuten Martin Zabaletak eta Pasang Temba xerpak.

Antton Iturriza mendi kazetariak atzo balitz bezala gogoratzen du erredakzioan idatzi zuen albiste hura: "La ikurriña ya ondea en el Everest". Iturrizaren esanetan, aitzindaria izan zen momentu historiko horrek bidea ireki zien etorkizuneko euskal espedizio arrakastatsuei.

Bestalde, Josema Casimiro nafarrak K2aren gailurra harrapatu zuen 1986an modu arinean, Mari Abregorekin batera. Himalaismoaren ikuspegi horren adibide garbiena bilakatu ziren Iñurrategi anaiak. Aretxabaletako gela berean lo egitetik munduko tontorrik altuenetan bizitza jokatzera pasatu ziren biak oso gazte. Alberto Iñurrategik Gasherbrum II mendia jaisten galdu zuen anaia. Egoera latz haren lekuko izan zen Jon Lazkano mendizalea. Handik urtebetera, Albertorekin batera, Felixen pioleta berreskuratu zuten biek.

Alex Txikon mendizalea izango da beste protagonistetako bat, izan ere, urte dezente igaro dira lehen mendia igo zuenetik, eta geroztik, era batera edo bestera lotura handia izan du mendiarekin. Mendia berarentzat zer den azalduko du, eta urte horietan guztietan izandako bilakaeraz ere ariko da lemoarra saio honetan. Neguko espedizioak egitea da gaur egun bere apustua. Zenbait saiakera egin ditu, baina lorpenik ere badu; esanguratsuena, Nanga Parbat igo zuenekoa, hori lortu duen lehen pertsona izan baita. Hara eta hona ibili izan da Txikon, eta hori ongi asko ezagutu du bere familiak. Haren arreba Sonia Txikonek mendizalea txikitan nolakoa zen ekarriko du gogora, eta haren mendi irteerek familiarengan izan duten eragina ere azalduko du.

Edurne Pasaban tolosarrak, aldiz, 16 urte besterik ez zituela, Mont Blanc (4.810 metro) edota Cervino (4.478 metro) igo zituen. Ordutik, helburu bakarra izan zuen buruan: 14 zortzimilakoen erronkan lehen emakumea izatea. 2010ean lortu zuen. Ez da bide erraza izan, hilzorian egon baitzen hainbatetan. Edurneren amak, Begoña Lizarribarrek, ez du inoiz ahaztuko Edurne Kanchenjungatik jaitsi ezinik zegoela berarekin telefonoz izan zuen elkarrizketa. Edurneren 14 zortzimilakoen erronka horretan, haren lehengusu eta espedizioko kide den Asier Izagirre ezinbesteko pieza izan zen, besteak beste, Edurnek izan zuen depresioa gainditzeko.

Himalaian izandako euskaldunak izango ditu protagonista gaur gauean, 22:30etik aurrera, "Ur Handitan - Ahaztu Aurretik" saioak ETB1en eta eitb.eus-en.