Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15etik aurrera

'Presiopean', eliteko kirola aztergai, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Puntako lehia horretan egon diren edota dauden hainbat kirolari eta aditu elkarrizketatuko ditu saioak, horien kezka, oztopo eta helburuak ezagutzeko.

0:32
Zuhaitz Gurrutxaga, Realeko jokalari ohia

Kirola oso erroturik dago gure gizartean, eta herritarren % 64k kirol jardueraren bat egiten du. Hala ere, osasuna eta parte-hartzea bezalako balioen gainetik lehiaketa jartzen denean, dena aldatzen da. Xabier Madariagak puntako lehia horretan egon diren edota dauden hainbat kirolari elkarrizketatuko ditu gaur, baita aditu batzuk ere, horien kezkak, oztopoak, nahiak eta helburuak ezagutzeko.

Zuhaitz Gurrutxaga aurkezle eta futbolari ohiak 13 urterekin bete zuen Realean jokatzeko ametsa. Baina hasierako ilusio hori presio bilakatu zen. Bere eta taldearen eskaera maila gero eta altuagoa zen. Horri lotuta, nahasmendu obsesibo konpultsiboa garatu zuen, taldeari ezkutatu eta bere kirol ibilbidean hainbat buruhauste eragin zizkiona.

Danok Bat futbol taldeko Lander Robles eta Oinatz Ramos nerabeen bidez, oinarrizko futbolean aritzen diren milaka haurren ametsak ezagutuko ditu saioak. Halaber, Leire Goñi eta Maider Odriozola Atletico San Sebastian taldeko piraguista gazteek Espainiako selekzioan sartzeko egiten ari diren ahaleginak kontatuko dituzte.

Azken bi horien erreferente den Maialen Chourraut ur bizietako kayak (K1) modalitatean aritzen da. Indurainekin batera, euskal kirolari bakar batek lortu du urrezko domina olinpiar jokoetan. Piraguista lasartearrak arrakasta hori lortzeko egindako ibilbidea errepasatu, eta etorkizuna nola ikusten duen azalduko du.

Maider Redin igerilari gaztearen kasua ere ezagutuko dute programan. Umetan hasi zen igeriketan gailentzen. Tamalez, entrenatzailearen "ikuspegi altuegiak" bizkorregi iritsi ziren. Finkatutako helburuak ezin zituen bete. Familiari, entrenatzaileari eta bere buruari huts egin ziela sentitzen hasi zen. Bere bizitzako ardatza zen kirolean desegonkor egoteak eragin zuzena izan zuen ikasketetan, lagun artean eta bizitzaren beste esparru batzuetan.

Bestalde, Rio 2016ko olinpiar jokoetarako hilabete gutxi falta zirenean, Markel Alberdi igerilaria espiral batean zegoela konturatu zen. Madrilgo kirolarientzako errendimendu handiko zentroan zegoen, bizitza igeriketara bideratuta zuela, eta buruak gelditzeko esan zion. Egun, lau urte geroago, ez du igerilekua ia zapaldu ere egiten.

Eli Pinedo izango da beste protagonista bat. Jokalari olinpikoak eskubaloia utzi zuen eta Madrilera joan zen bizitzera. Kantxak ematen zizkion sentsazioak, zaleen berotasuna eta lehiaren adrenalina ez dituela bizitzako beste esparruetan topatu esan du inoiz. Hala ere, eliteko kiroletik ohikotasunerako trantsituan zorte handia izan duela aitortzen du, beste kirolari askorentzat amildegi bat izaten baita prozesu hori arlo ekonomiko zein sentimentalean.

Adituen artean, David Jorrin entrenatzailea eta Jolastuz Jokatu elkarteko kidea izango da. Horren ustez, eskola-kirolak lehia jorratzen duen modua ez da zuzena, profesionalen kategoriak kopiatzen dituelako. Iñaki Arratibel kirol medikuak, bere aldetik, eliteko kirolaren alde onak eta arriskuak azalduko ditu, bai fisikoki, bai psikologikoki.

Presiopean atala eskainiko du "Ur Handitan"ek gaur. 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai.