Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

'Bidasoko Errautsetatik', gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Bidasoa bailaran otsailaren 20 eta 21ean izandako sute handien ondorioak aztertuko dituzte.

0:35
Xabier Madariaga

Otsailaren 20a eta 21a egun beltzak izan ziren Bidasoa bailaran; 2.000 hektarea baino gehiago erre zituen Berako inguruetan piztutako suteak. Azken urteotako suterik larriena izan zen, eta ondorioak izan zituen: animaliak hilda, baso eta mendiak kiskalita, etxeak husteko beharra... Hainbat izan ziren sute hori gertu-gertutik jarraitu zutenak, eta horiekin bildu da "Ur Handitan" saioko lantaldea, beraiek bizi izan zutena ezagutzeko. Otsailean sortutako sute horiek izango ditugu hizpide Bidasoko errautsetatik atalak "Ur Handitan" saioan, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en.

Bera eta Lesaka inguruan piztu zen hasiera baten sutea. Pedro Mari Martikorenarena izan zen sua gertuen izan zuen lehen baserria. Suaren argiak ikusi zituen, eta erre usaina nabaritu. Eta, hala, duela hamabi bat urte bizitakoa bizi izan zuen berriz: bere baserri ingurua erretzen ari zen. Baina bere osabaren gomendioei jarraituta, etxea salbatzea lortu zuen.

Xabi Balda eta Jaione Aginaga Berako bikoteak ere gertu-gertutik bizi izan zuen asteburu hartako sutea. Balda abeltzaina da, eta behorrak zituen mendian. Horietako batzuk hilik aurkitu zituen sutearen ondorioz, eta beste batzuk, berriz, larriki zaurituta. Inpotentzia handiz bizi izan zuen egun hura, eta eguna luze joan zitzaion, batera eta bestera lanean. Aginagak arduraz igaro zuen eguna, beldurrez, estutasunez. Ezin du zauritutako behorrak menditik jaitsi zituzteneko irudia burutik kendu ere egin.

Suhiltzaile boluntarioen lanak berebiziko garrantzia izan zuen sutean. Abisua jaso eta guzti-guztia kontrolpean izan zuten arte, momentu latz eta luzeak bizi izan zituzten; horien artean, Juan Ramon Pikabeak. Larunbat goizean hasitako lanak ez zuen etenik izan hurrengo egunera arte, eta, bitartean, “ahal zen guztia” egin zutela esan dio Pikabeak Xabier Madariagari. 

Bera eta Lesakatik Irungo Bidasoa auzora zabaldu zen sutea. Tomas Aierbe Oarso Bidasoko basozain nagusiak kea ikusten zuen hasieran baina sutaraino iritsi nahi zuen. Iritsi zenean, palekin sua itzaltzen saiatu zen baina izugarria izan zen. Horietako une batean su mingain batek inguratu eta korrika alde egin behar izan zuen. Orduan konturatu zen hura ez zela ordu gutxiko gauza.

Lupe Etxebeste 74 urteko hondarribitarra duela 15 urtetik hona Bidasoa auzoko baserri batean bizi da, eta 100 metrora izan zuen sua. Hala, etxea uzteko agindu zioten, suteak hura erretzeko arriskua baitzegoen. Ezer gutxi hartzeko astia izan zuen; txakurrak kotxean sartu eta ospa egin zuen. Egun, leihotik begiratu eta dena beltza ikusten du, tristezia sumatzen du.

Etxebesterengandik gertu bizi dira Arantxa Paredes eta Harkaitz Yarzabal. Endarlatza inguruan dena kea ikusi zuten, eta etxea erre zitekeela ere pentsatu zuten. Gaua etxetik kanpo igaro behar izan zuten, ertzainek hala eskatuta. Etxea salbatu zen, baina hamar bat urtez landatzen jardun duten basoa erre zitzaien. Yarzabalen urteetako ilusio eta ekarpena zegoen bertan.

Larhun menditik, Urruña. Azkaine eta Biriatura ere iritsi zen sua. Paxkal Aprendisteguyk Biriatun duen etxe inguruetan ikusi zuen sua. Laborarien semea da Aprendisteguy, eta, dioenez, laborarientzat galera handia ekarri du suteak.  Penaz da ez duelako uste inguru hori lehen zegoen bezala berriro ere ikusteko aukerarik izango duenik.

"Ur Handitan" astearteetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.