Ur Handitan
22:15ean
Gizarteratzeak hizpide 'Itzuli' erreportajean, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EITB Media
Ander, Jaime, Enekoitz eta Garaziren testigantzei helduko die Xabier Madariagak 22:15etik aurrera.
Gizaki sozialak garenez gizartea behar dugu bizitzeko, gutako inork ez du taldetik kanpo bizi nahi, baina batzuetan ez dugu beste aukerarik. Espetxean, psikiatrikoan, desintoxikazio zentroetan... Gizartearen ohiko bizimodutik urrun dauden egoitzetan bolada luzeak pasatu dituzten lau pertsona ezagutuko ditu Xabier Madariagak, gaur gauean, "Ur Handitan" saioko erreportajean. Nolakoa da berriz etxera, kalera edo lagunartera itzultzea? Zein zailtasun aurkitzen dituzte pauso hori emateko orduan?
Gazte zarauztarra dugu Ander. Asteburuetako kontsumoa egunerokotasun bilakatu zenean, arazo bat zuela ikusi eta Bartzelonako zentro batean lau hilabete igaro zituen. Baina handik ateratzean ez zen zuzenean bere jaioterrira bueltatu, hori baino prozesu luzeago bat jasan zuen, horrek dakartzan zailtasun guztiekin. Orain erreferente dauka Patricia Mugica, bere terapeuta. Prozesu beretik igaro izanak, Anderren egoera inork baino hobeto ezagutzea eragiten dio. Sentipenak, sentsazioak eta bultzada berak jasan dituzte itzulera prozesu honetan, hori dela eta bidelagun bikain bilakatu dira.
Jaime Zuñiga iruindarrak bere bizitzako azken 20 urteetan denbora gehiago eman du kartzela barruan kanpoan baino. Droga kontsumoarekin gaztetatik hasita bere bizitza horren inguruan eraiki da, horrek ekarri dizkion ondorio guztiekin. Hainbat izan dira bere itzulerak, baina oraingoan azkena izango dela dio. Itzulera horretan, nor izango du zain?
Urteak igaro dira Enekoitz Aizpuruk itzultzeko pausoa eman zuenetik, baina oraindik prozesuan dagoela kontatu digu. Jokoarekin arazoak izan ostean, herriko kaleetara bueltatu eta egun jokoak duen eskuragarritasunak zaildu egiten du egoera. Hala ere bidea egiten ari da eta prozesua egiteko laguntza tresnak zeintzuk diren azalduko du. Familiaren rola egoera hauetan ez da atzean geratzen eta hori argi azalduko du Mirarik, Enekoitzen izebak. Ondoan daudenek nola bizitzen duten egoera eta beraien zailtasunak zeintzuk izaten diren kontatuko du.
Duela urtebete ezagutu genuen Garazi Diaz Zaldibarko Ospitale psikiatrikoan. 17 urteko adikzio bat tratatzeko urtebeteko egonaldia egin ostean kalera bueltatu zen. Baina pauso hori uste baino zailagoa izan zen eta Garazik laguntza eskatu zuen. Orain Kortezubiko zentroan dago eta hilabete barru amaituko du terapia zentro honetan.
"Ur Handitan" saioa astearteetan izaten da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.