Ur Handitan
22:30ean
Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten gaixoen bizitzan murgilduko da "Ur Handitan" saioa gaur gauean
EITB Media
Nola jasotzen da ELA gaixotasunaren diagnostikoa? Nola egiten zaio aurre hortik aurrera datorren guztiari? Alboko Esklerosi Amiatrofikoa duten gaixo eta hauen familiekin izango da Xabier Madariaga.
Gaur gauean, "Ur Handitan" saioak Alboko Esklerosi Amiatrofikoa duten gaixo eta hauen familiak hartuko ditu protagonista. Nola jasotzen da ELA gaixotasunaren diagnostikoa? Nola egiten zaio aurre hortik aurrera datorren guztiari? Xabier Madariaga Idirin protagonisten bizitzan sartuko da ELA hobeto ezagutzeko, familiari nola eragiten dion ikusteko eta bizitzeko grinak ematen duen indarra noraino irits daitekeen ulertzeko.
Unai Bosch Larreak 46 urte zituen alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu ziotenean. Orduan, pentsatu zuen gazteegia zela sendabiderik gabeko gaixotasun neurodegeneratibo bat izateko, baina medikuak esan bezala, tokatu egin zitzaion. "Ur Handitan" saiori etxeko ateak zabal-zabalean ireki dizkio familia osoak. Getxon bizi da Aines, Oihan eta Naira Arteagoitia Ruizekin batera. Naira familia medikua da, eta duela aste gutxi hartu du baja bere senarraren egoera dela eta; bere gain hartu ditu Unairen zaintza lanak.
Alboko esklerosi amiotrofikoak 3 eta 5 urte bitarteko bizi itxaropena dauka, eta degeneratiboa da. Diagnostikoa iristen denean, familiak, lanerako ezintasuna eta mendekotasun-maila onar diezaieten, izapide burokratiko artean galtzen direla salatzen dute biek. Eta haiekin bat egin du Juan Carlos Unzué Labiano atezain ohiak. Hiru urte pasa dira berari gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik. Ordutik, bere borroka bilakatu du alboko esklerosi amiotrofikoa ezagutzera ematea. Gaixoek, momentu batetik aurrera, 365 egunez, 24 orduz zaintzak behar dituztela aipatzeaz gain, gastu ekonomiko horri aurre egitea familien gehiengoarentzat ezinezkoa dela salatzen du. Gaixotasun bera sufritzen dutenekin elkartu, eta aurrez aurre beraiekin egotea tokatu zaio azken aldian; Xabier Urdin Soria da horietako bat.
Xabierri duela bost urte iritsi zitzaion alboko esklerosi amiotrofikoaren diagnostikoa, eta bere esanetan, azken fasean dago jada. Urte eta erdi pasa da bere kabuz zutitu zen azken alditik, eta arnasketarekin laguntzen dion aparatu batekin egoten da etxean dagoen bitartean. Teresa Zugasti Carpizuk bere emazteak zaintzen du gau eta egun; hunkituta aitortzen digu nekatuta dagoela, baina bizitzeko grinari indarrarekin eusten diote elkarrekin. Asteburuan, Iruñeko kuadrillarekin bazkaria dute, eta kontatu digute horrelako planekin, helburu txikiekin, egiten zaiola aurre gaixotasun krudel honi. Xabier Donostiako ospitaleko UMELA unitatean tratatzen dute, eta bertako koordinatzailea da Leire Samsó Usandizaga erizaina. Berak kudeatzen ditu gaixoek behar dituzten espezialista askotarikoak: fisioterapeuta, logopeda... eta pazienteengan gaixotasunaren garapena kontrolatzen dute.
"Ur Handitan" asteartero izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.