Ur Handitan
22:20ean
"Ur Handitan" saioaren denboraldi berria, gaurtik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Palestinako gatazkari eta gaixotasun kardiobaskularrei buruzko saio berezien ostean, gizartearen intereseko beste hainbat gai gertuko ikuspuntutik aztertuko ditu Xabier Madariagak: iruzurtiaren sindromea, adinekoen zaintza, gehiegizko medikazioa, animaliek gizakiari ematen dioten laguntza...
Gizarteko gai sakonak jorratzen dituen "Ur Handitan" saioak bederatzigarren denboraldiari ekingo dio gaur (urtarrilak 9), ETB1en eta eitb.eus-en, Xabier Madariagak aurkeztuta. Ikus-entzule euskaldunen erreferentziazko programetako bat bihurtu da, gizartearen intereseko gaiak hamaika errealitate eta ikuspuntutik erakusten baititu, elkarrizketa pertsonalen bidez. Iruzurtiaren sindromea izango du ardatz aste honetako saioak, bereziki emakumeek bizi duten fenomeno psikologikoa. Onintza Enbeita, Ines Osinaga, Itziar Diez de Ultzurrun, Silvia Cantera, Iratxe Las Hayas eta Nora Errezolak euren bizipenak kontatuko dituzte.
Konfiantza falta, gai ez izatearen sentsazioa, ingurukoek norbera etengabe epaitzeari beldurra… Sentipen horiek "iruzurtiaren sindromea" deritzon autoestimu falta osatzen dute. Sentsazio horiek lausotu egiten dute gailurrera iritsitakoan sentitzen den poztasun eta harrotasuna, eta, aldi berean, gai ez izatearen sentsazio horrek proiektuei edo lanei ezetz esatera eramaten zaitu.
Bederatzigarren denboraldiak bi atal berezi izan ditu. Lehena urriaren 7an emititu zen eta Palestinako gatazkari buruzko saioa izan zen. Gazako sarraskiaren hasieraren urteurrenean, gatazkan hildako Ivan Illarramendiren anaiarekin hitz egin zuen Xabier Madariagak, eta Jerusalemen bertan ere izan zen, bertako herritarrekin hizketan. Bigarren atalak, abenduaren 10ekoak, gaixotasun kardiobaskurrak aztertu zituen, EITB Maratoiaren 2024ko asmoarekin bat eginez.
Hurrengo asteetan jorratuko dituzten gaien artean daude, besteak beste, adinekoen zaintza, gehiegizko medikazioa eta animaliek gizakiari ematen dioten laguntza.