Itxi

Zuek hor

ETB1en, zuzenean, 15:45ean

Umorea eta aktualitatea, aste honetako 'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioan

Gaurko tertulian Mikel Elizegik, Reyes Pradosek eta Axi Muniainek hartuko dute parte, eta Pintxo Pote tartean Paulino Donostiako San Martin azokan izango da.

'Zuek Hor eta Gu Hemen' umorez egindako programa berria da. Astelehenetik ostiralera 15:45ean izaten da ikusgai ETB1en, Anjel Alkainek eta Iker Galartzak aurkeztuta. Aktualitatea, gaiak, elkarrizketak, lehiaketak, musika eta beste zenbait eduki eskaintzen dituen saioa da. 

EiTBren Miramongo platotik zuzenean eskaintzen den saioak hiru atal nagusi  ditu. Lehenengoa, umorez egindako Nuntzeberry albistegi ganberroak betetzen du. Anjel Alkainek eta Iker Galartzak egunak ekarri dituen berri nagusien errepasoa egiten dute, umorezko bideo eta esketxak tartekatuz.

Agurne Anasagastik gidatzen duen tertulia dugu 'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioaren bigarren ardatza. Mahai borobilaren inguruan, solaskide oso ezagunak biltzen dira. Ostegun honetan, Mikel Elizegiren, Reyes Pradosen eta Axi Muniainen txanda izango da. Horiekin batera, txandakatuz joango dira Pello Zabala, Mikel Goñi, Andoni Urbistondo, Iro Landaluze, Judas Arrieta, Maitena Salinas, Nagore Osoro, Manu Maritxalar, Saioa Lopez, Eneko Axpe eta Maite Bastos.

Hirugarrenik, saioaren azken txanpan, eguneko elkarrizketa egiten dute Anjel Alkainek eta Iker Galartzak. Kirol, kultura edo gizarte munduan zeresana eman duten lagunak gonbidatzen dituzte bertara. Ostiral honetan, Irati Anda eskalatzailea eta Donostiako Gastronomika azokaren barruan egindako parrilla txapelketako partaide batzuk hartuko dituzte.

Egunero sekzio desberdinak izaten dituzte 'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioan, hainbat kolaboratzaileren eskutik. Amaia Artetxek ETBko programazioaren entresaka egingo du astelehenero ETBn, zer? atalean, Iro Landaluze perretxikoei buruz arituko da astearteetan, eta Maria Amolategik musika munduko nobedadeak ekarriko ditu asteazkenetan.

Osteguna Pintxo-pote eguna izango da, beste herri askotan bezala. Paulino herriz herri ibiliko da, pintxo-poteak ezagutzen, eta bertan ikusitakoa kontatuko du platoan. Bide batez, pintxo bat prestatuko du zuzenean. Aste honetan, hain zuzen ere, Donostiako San Martin azokan grabatutako bideoa erakutsiko digu. Eta azkenik, ostiraletan, asteburuaren atariko modura, parranda egiteko agenda osatuko du Saioa Lopezek. Ostiral honetan, batukada talde baten musikaz gozatzeko aukera izango dugu tarte honetan.

Pertsonaia ezberdinak ikusiko ditugu 'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioan, Anjel Alkainek, Iker Galartzak, Aitziber Garmendiak eta Asier Hormazak hezurmamituta: Torreviejan dauden bi euskaldunen hausnarketa bitxiak, Olasagastiren eta Irutxunberriren desafioak, trafikoaren informazioaz arduratzen diren bi fraideren istorioak, Angustias pitonisaren iragarpenak, Benidormen oporretan dauden senar-emazteen gorabeherak, eta Maikrux eta Baxilio bere anaia solteroaren kontu zaharrak. Protagonismo berezia izango du, halaber, Arguiñano-Berasategui sukaldari bikoteak. Intzak Hik izeneko atala gidatuko dute egunero.

Internet eta sare sozialak oso gertutik jarrraitzen dituzte ETB1eko arratsaldeko saioan. Programaren hasieran, Jon Urbietak galdera bat egiten die ikus-entzuleei, eta erantzuna emateko hiru bide dituzte: Twiter, Facebook eta WhatsApp. Gainera, egunero interneteko aplikazio berri bati buruz arituko da.