Gaztea

Aniztasuna

Hizkuntza, generoa eta hizketa: egia al da euskara hizkuntza ez sexista dela?

B. F. | EITB Media

Gaiaren inguruko hainbat ikerketen arabera, euskarak inguruko hizkuntzek baino zama sexista arinagoa du.

Hizkera eta adierazpide inklusiboen iraultzaren baitan, hizkuntzek berezkoa duten karga edo izaera sexistaren inguruko eztabaida piztu da sare sozialetan.

Hizkuntzaren mugak kolokan jartzeko joerak gero eta indar handiagoa hartu du kaleetan, baita komunikabideetan ere.

Euskararen kasuan, genero gramatikal gabeko hizkuntza den aldetik, hizkuntza ez sexista gisa ulertu izan dute askok.

Badaude gaiaren inguruko ikerketak. "Ezer ez eta festa" podcastaren Despistatuon sexua atalean, gaiaz mintzo dira Irene Arrarats Lizeaga eta Maialen Berasategi Catalan.

'Lenguaje y discriminación sexual' izeneko ikerketa aipatzen dute saioko bi gidariek. Alvaro García Meseguerrek egindako ikerketa horretan, euskarak % 5eko zama sexista duela irakur daiteke. Frantsesak duen % 40aren eta gaztelaniak duen % 80arekin alderatuta, euskarak berezko karga sexista urria duela esan daiteke.

Maskulinoa eta femeninoaren arteko bereizketa eza sistema bitarra eta generoa bera zalantzan jartzeko tresna izan daitekeen arren, hizkuntzan baino mezuan (esaten den horretan, edukian) fokua jartzeko beharra azpimarratzen dute adituek.