Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Bera Berak 30-25 irabazi dio Malagari, eta Erregina Kopako finala jokatuko du

EITB Media

Super Amara Bera Berak mendean hartu du Andaluziako taldea 30-25eko emaitzarekin Kopako finalerdietan. Ondorioz, finala jokatuko du Valladoliden aurka.

  • Bera Bera

    Bera Berako jokalariak finalerako txartela lortu ostean. Argazkia: EITB Media

Super Amara Bera Berak Erregina Kopako finala jokatuko du, finalerdietan Malaga kanporatu ostean. Gipuzkoako taldeak 30-25eko emaitzarekin bereganatu du garaipena. Beraz, Bera Berak Aula Valladolid izango du aurkari igandeko finalean, Illunben (Donostia).

Malagak sartu du norgehiagokako lehen gola (0-1), baina Bera Berak azkar erantzun du (1-1). Ondoren, bi berdinketa jarraian egon dira (2-2 eta 3-3). Hirunakoaren ostean, Donostiako taldea izan da nagusi kantxan, eta bost goleko abantaila hartu du (10-5).

Defentsako lan bikaina egin du Bera Berak, eta Malaga ezinean ibili da. Erasoko jokoan ere, bikain moldatu da Gipuzkoako taldea; ondorioz, neurketako 25. minutuan, bederatzi goleko errenta eskuratu du (16-7). Super Amara Bera Bera ez da erlaxatu lehen zatiko azken txanpan, eta 18-10eko emaitzarekin heldu da atsedenaldira.

Atsedenalditik bueltan, Andaluziako taldeak bikain ekin dio bigarren zatiari, bi gol jarraian sartuta (18-12). Hala ere, Bera Bera ez da urduri jarri, eta zortzi goleko aldea jarri du markagailuan berriro (20-12).

Dena den, Malagak maila hobea eskaini du bigarren zatiaren hasieran; horren eraginez, 40. minuturako bost golera murriztu du desabantaila (21-16). Gainera, bi minutu geroago, hiru golera hurbildu da (21-18).

Momentu txarra pasatu du Donostiako taldeak, baina suspertu egin da, eta zazpi goleko abantaila erdietsi du berriro (25-18). Gero, errenta mantentzeko gai izan da, eta 27-21eko emaitzarekin iritsi da azken hamar minutuetara.

Amaieran, Super Amara Bera Berak ondo kudeatu du aurretik lortutako abantaila, eta garaipenak ez dio ihes egin (30-25).

Emaitza golez gol: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-5, 7-5, 8-5, 9-5, 10-5, 10-6, 11-6, 12-6, 13-6, 13-7, 14-7, 15-7, 16-7, 16-8, 16-9, 17-9, 17-10, 18-10  -atsedenaldia- 18-11, 18-12, 19-12, 20-12, 20-13, 20-14, 21-14, 21-15, 21-16, 21-17, 21-18, 22-18, 23-18, 24-18, 25-18, 25-19, 26-19, 26-20, 26-21, 27-21, 27-22, 28-22, 29-22, 30-22, 30-23, 30-24, 30-25.