Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

3. jardunaldia

Aritz Erkiagak galdu egin du Bilboko Iron Cup txapelketan, 18 garaipen jarraian eskuratu ostean

EITB MEDIA

Iron Cupeko 3. jardunaldian, Aritz Erkiagak galdu egin du, Ibarluzearekin batera, baina, hala ere, multzoko lehen postua lortu dute, eta finalerdietara igaro dira. Urrutia eta Del Rio ere heldu dira finalerdietara, balentria eginda.

  • Laduche-Manci vs Erkiaga-Ibarluzea

    Laduche-Manci vs Erkiaga-Ibarluzea Argazkia: Jai Alai News

Laduche-Manci vs Erkiaga-Ibarluzea: 15-12, 6-15, 5-3

Ligan 18 garaipen jarraian lortu ondoren, Aritz Erkiagak galdu egin du azkenean, Ibarluzearekin batera, Iron Cupeko 3. jardunaldian. Bizkaitarrek hirugarren aldiz jarraian bete dute pilotalekua, eta Ludovic Laduchek eta Mikel Mancisidorrek lortutako garaipen handiaren lekuko izan dira.

Lapurdiko Getariako aurrelariak eta Mutrikuko atzelariak oso ondo jokatu dute lehen setean, eta bizkaitarrek ez dute euren tokia aurkitu. Hala ere, azken unera arte borrokatu dira lehen setean: 15-12.

Bigarren setean, Ispasterkoa izan da nagusi, eta Laduche eta Manci zalantzati aritu dira (6-15). Argi adierazi du aurrelari lapurtarrak partida hasi aurretik: "Ez da begiratu behar noren aurka jokatzen dugun, Aritz dagoen ala ez. Errematea egiteko aukera badugu, egin egin behar dugu". Eta hala izan da. 0-1 galtzen hasi arren, berehala jarri dira aurretik 4-1, eta 5-3 irabazi dute hirugarren seta.

Galdu arren, Erkiaga eta Ibarluzea finalerdietara igaro dira, multzoko lehen postuan amaitu baitute. Hiru bikoteek launa puntu lortu dituzte ligaxkan, eta tantoen aldeak erabaki du sailkapena: Erkiaga-Ibarluzea (+9), Laduche-Manci (-3) eta Barandika-Atain (-6). Ondorioz, azken bikote hori kanpoan geratu da.

Johan-Gorka vs Urrutia-Del Rio: 15-13, 8-15, 3-5

Lehenengo partidan, Thomas Urrutia eta Julen del Rio nagusitu dira. Donibane Garaziko aurrelariak erritmo bizia jarri dio partidari. Bikote horiarentzat nahikoa zen set bat irabaztea, eta, hori dela eta, "lehen minututik topera atera gara", Del Rioren hitzetan. Lehen seta oso lehiatua izan da, baina Sorozabal anaiak hobeto aritu dira, batez ere, azken txanpan: 15-13.

Bi bikoteek sailkapena zuten jokoan bigarren setean, eta aurrelari baxenabartarrak eta atzelari arabarrak merezitako garaipena lortu dute: 8-15 nagusitu dira lehenengo, bigarren setean, eta 3-5 irabazi dute ondoren set erabakigarria. Biak oso ondo moldatu dira Deportivoren ezaugarrietara, eta bertan jokatutako lau partidak irabazi dituzte: sailkapenaren aurreko biak eta ligaxkako biak. B multzoan, beraz, Urrutia eta Del Rio (6 puntu) nagusitu dira, Goitia eta Basque (5 puntu) bigarren sailkatu dira, eta Johan eta Gorka (1 puntu) kanpoan geratu dira.