Itxi

Zinema

Jaialdia

Zinema, salaketak eta grebaren itzala, Cannesen

N. V. | EITB Media

"Tasio" Montxo Armendarizen klasikoa maiatzaren 15ean ikusiko dute Frantziako jaialdi handian, Euskadiko Filmategiak zaharberritu duen kopia bati esker.

  • Dena dago prest Cannesen, jaialdia hasteko. Argazkia: Efe.

    Dena dago prest Cannesen, jaialdia hasteko. Argazkia: Efe.

Gaur, maiatzak 14, hasiko da Canneseko zinema jaialdiaren 77. edizioa, eta hilaren 25ean jakingo dugu palmaresa. Sail Ofiziala eta, oro har, zinema programazioa mamitsua da zinez: Francis Ford Coppola lehiara bueltan da duela 45 urte Apocalypse Now filmarekin Urrezko Palma irabazi eta gero; Meryl Streepek, George Lucasek eta Ghibli Hayao Miyazakiren animazio estudioak Ohorezko Palma irabaziko dute; Cannes Classics sailean Tasio programatu dute filmaren 40. urteurrenarekin bat; eta lehen mailako zuzendariak izango dira Urrezko Palmaren bila, hala nola Sean Baker, Jacques Audiard, Yorgos Lanthimos, Andrea Arnold, Paolo Sorrentino eta David Cronenberg.

Horiez gain, beren azken lanak defendatzen egongo dira Cannesen Emma Stone, Chris Hemsworth, Anya Taylor-Joy, Jacob Elordi, Adam Driver, Selena Gómez, Cate Blanchett aurten Donostia saria jasoko duen aktorea, Dustin Hoffman, Shia LaBeouf, Demi Moore, Margaret Qualley eta Dennis Quaid.

Nolanahi den, filmen proiekzioak abiatu aurretik bederen, beste gai batzuk ibili dira hitzetik hortzera, jaialdiari buruzko elkarrizketetan: egunotan zinema industrian jarduten diren emakumeek pairatzen dituzten abusuen aurkako salaketa segida izango ote den zurrumurrua eta hainbat kolektibok -proiekzionistak, komunikazio arduradunak…- greba egingo ote duten beldurra, baldintza prekarioak dituztelako eta Frantziako Gobernuak zaildu egin dizkielako langabeziarako bideak.

Frantziako hedabideetan, hainbat aste daramatzate zurrumurruka, jaialdiaren egunetan argitaratuko ote den hainbat emakumek Frantziako hamar zinema izarren aurka egindako salaketak biltzen dituen zerrenda bat.

Berbakizun horiek gorabehera, emakumeek zinema industrian duten egoera txarraren salaketak tokia izango du seguru Canneseko agendan, Moi aussi Judith Godrèche aktoreak zuzendu duen film laburraren eskutik. Un Certain Regard atalean estreinatuko dute.

Emakumeek eta umeek Frantziako zinemagintzan pairatzen dituzten abusuen aurkako borrokaren ikurra da Godrèche, urte hasieran jendartera zabaldu baitzuen Benoît Jacquot eta Jacques Doillon zuzendariek abusuak egin zizkiotela laurogeiko hamarkadan, nerabea zela.

Horrez gain, Mohammad Rasoulofek, Sail Ofizialean The seed of the sacred fig pelikula aurkeztuko duen irandar zinemagileak, iragarri du jaioterritik ihes egin duela, agintarien baimenik gabe, eta Europa iritsi zela "duela hainbat egun"; hortaz, Cannesen egon ahalko da.  

Zinemagilea zortzi urteko espetxealdira, zigor kolpeak jasotzera eta bere ondasun guztiak Estatuaren esku uztera zigortu dute Iranen, "herrialdearen segurtasunaren aurkako krimenak egiteko asmoz kolusio delitua egitea" egotzita.

Rasouloufek Berlingo Urrezko Hartza irabazi zuen 2020an, Sheytan vojud nadarad filmari esker, eta arazo asko izan ditu bere herrialdeko agintariekin; bi aldiz ezarri diote kartzela zigorra. Hala ere, "bizirik nago, kontatzen jarraitzeko…" esan du sare sozialetan.

Tasio

Tasio Montxo Armendarizek 1984an zuzendu zuen filma 4K-ko bereizmena duen kopia zaharberritu batean ikusiko da Cannese, maiatzaren 15ean, Cannes Classics atalean.