Gaztea

Politika

Eurovision 2024: Israelen boikota, jaialdiaren erreakzioa eta mundu mailako kondena

B. F. | EITB Media

Israelek 2024ko Eurovisionen parte hartuko du, aurtengo ediziorako aurkeztutako hirugarren proposamenarekin. Jaialdia antolatzen duen erakundeak bi aldiz bota du atzera Israelen hautagaitza, letren kutsu politikoa tarteko.

  • Bambie Thug, Palestinaren alde agertu den ordezkari irlandarra

    Bambie Thug, Palestinaren alde agertu den ordezkari irlandarra. Argazkia: Reuters

Larunbat honetan izango da Eurovision abesti lehiaketaren final handia, Malmön (Suedia).

Jaialdiaren aurtengo edizioa polemikoa izan da hasieratik, Israelen parte hartzea tarteko.

Bada, Israeleko armadak Gazako herritarrak bonbardatzen jarraitzen duen bitartean, Eden Golan israeldar ordezkariari Eurovisionen lehiatzeko baiezkoa eman dio Europako Irrati-Telebista Batasunak (UER).

Nazioarteko adituen hitzetan, "orain arte ikusi gabeko sarraskia" bizi dute Gazan, Rafahko guneak egunotan pairatutako erasoen ondorioz.

Sua eten eta sarraskia geldiarazteko eskatzen duten mundu osoko ahotsei batu zaizkie azken orduetan Malmöko herritarrak, baita Greta Thumberg aktibista gaztea ere, manifestazio jendetsu batean.

Kaleetara eta sareetara ez ezik, Europar Parlamentura ere iritsi da salaketa. Eurovisionek "Palestinako garbiketa etnikoa egiten ari den erregimena zuritu" duela adierazi zuten hainbat alderdi progresistek.

Israelen parte hartzea

UERek izan du Israelen parte hartzearen inguruko azken hitza. Erakundeak baiezkoa eman zuen,  Eurovisionen ustezko "izaera apolitikoa"ren argudioa baliatuta.

2022an Errusia kanporatzea erabaki zuen Eurovisioneko antolakuntzak, Ukrainako gerra tarteko. Aurten kexu agertu direnek kontraesana azpimarratu dute, jaialdiaren bultzatzaileei errusiar erasoak salatu eta israeldarrekin ezikusiarenak egitea leporatuz.

Parte hartzea onartu aurretik, Israeli bi proposamen ukatu zizkion UERek, bi abestien letrek zuten kutsu politikoagatik. Izan ere, "October Rain" izeneko lehen abestian Hamasek urriaren 7an Israelgo hegoaldean egindako erasoari abesten zion Eden Golanek.

Parte hartzaileen erreakzioak

Txapelketan parte hartu duten herrialdeetako ordezkariek ere izan dute zeresana.

Bigarren finalaurreko galan, Belgikako telebista publikoak betoa jarri zion Eden Gola israeldar abeslariaren ikuskizunari, emisioa geldituz. Aurretik, honako mezua zabaldu zuten: "Israelgo Estatuaren bortxa kondenatzen dugu. Israel prentsa eskubidea suntsitzen ari da. Horregatik, emisioa etetea erabaki dugu".

UERek, ostera, Malmö Arenan entzun ziren oihuak isilarazi zituen galaren emankizun ofizialean, gainetik txaloak jarriz.

Bambie Thug irlandar ordezkariak, bere aldetik, Europako Irrati-Telebista Batasuna salatu zuen prentsaurrekoan, gorputzean eta aurpegian zeramatzan Palestinaren aldeko mezuak ezabatuarazi zizkiotelako.

Bestela, Eric Saade musikari suediarrak (suediar eta palestinar jatorri duen artista) zapi palestinarra jantzi zuen finalaurreko ikuskizunean. Jaialdiko antolatzaileek gogor kritikatu dute Saaderen "keinu politikoa" eta euren sare sozialetan betoa jarri diote artistaren ikuskizunari.