Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Bilbao BBK Live 2024

Jaialdia

Agortu dira Bilbao BBK Live jaialdirako sarrera guztiak

Luzia Zugadi | eitb.com

Kobeta mendiko txarteldegietan sarrerarik egongo ez dela eman dute jakitera antolatzaileek. Guztira, 120.000 sarrera saldu dituzte, aurreko edizioetako marka guztiak hautsita.

Inoizko Bilbao BBK Live jendetsuena izango da aurtengoa. Duela astebete, azarotik salgai zeuden 35.000 bonuak agortu ziren, baita uztailaren 12ko (larunbata) kontzertuetarako sarrerak ere. Egun batzuk geroago, ostiraleko sarrerak ere amaituta zeudela iragarri zuten, eta gaur Last Tourrek zabaldu duen informazioaren arabera, ostegunerako ere ez da sarrerarik gelditzen.

Hortaz, aurreneko aldiz, Bilboko jaialdi ezagun honek sarrera guztiak saltzea lortu du. Bederatzigarren edizioa historikoa izango da, hiru egunetan zehar, 120.000 lagun igaroko baitira Kobeta menditik. Orain arte, 2012ko edizioa izan da arrakastatsuena, 109.178 pertsona batu baitzituen.

Bestalde, kanpatzeko aukera eskaintzen duten 15.000 sarrerak ere bukatuta daude. Aurten 3.000 leku gutxiago egongo dira bertan, kanpatzeko eremua egokitzeko egindako aldaketak direla eta.

Ondorioz, antolatzaileek jakitera eman dutenez, txarteldegietan ez da sarrerarik salduko.

Informazio gehiago

Datozen egunetan, Bilbao BBK Live jaialdia egingo duten egunetan Bilbon izango diren ekintza paraleloen inguruko informazioa emango dute, eta kontzertuak zein ordutan eta zein agertokitan egingo diren jakinaraziko dute.